Gure Eskuk lokala ireki du Galdakaon, Kurtzeko frontoian
Erabakitzeko eskubidea
BINKE / 2022ko maiatza
Gure Eskuk lokala ireki du Galdakaon, Kurtzeko frontoian
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Gure Esku Galdakao
Pirinioetako Bidea ekimen euskaldun-katalanean mendikate honetako gailurrak argiztatuko dira uztailaren 2an. Galdakaori Laina mendia argiztatzea egokitu zaio, aurretik Binkek azaldu duen bezala, eta horren inguruko informazio eta prestaketarako lokala ireki du Galdakaoko Gure Eskuk Kurtzeko frontoian.
Euskal Herriaren historiako lehenengo giza-kate erraldoia 2014. urtean egin zen, «herri honen erabakitzeko eskubidearen alde» Gure Esku ekimen herritarrak antolatuta. Dozenaka autobus Kurtzeko plazatik mobilizatu eta milaka herritarrek hartu zuten parte Galdakaotik giza-kate hartan, Ezkio-Itxasoko errepideak hartzeko.
Ordutik hainbat izan dira herri honen etorkizunaren karira Gure Eskuk antolatutako ekimenak. Orain, uztailaren 2koa ari dira prestatzen, aurretik bi aldiz Binkek kontatu duen moduan: Pirinioetako Bidea. Bada, horixe bera prestatzeko, izen-emateak jasotzeko, materiala saltzeko, informazioa zabaltzeko eta ekimenaren antolaketarako lokala ireki du Galdakaoko Gure Eskuk Kurtzeko frontoiaren tabernan, 2014ko giza-katea antolatzeko egin zuen modu berean.
Gainera, uztailaren 2ko ekimen erraldoiaren prestaketa egiten joateko —non katalanekin batera Pirinioetako gailurrak argiztatu egingo diren—, inguruko gailur txikiagoak argiztatuko dira, besteak beste, Ganekogorta mendia maiatzaren 14an.
Lokala martitzen, eguen eta zapatuetan izango da zabalik ondo ordutegian:
- Martitzenak, 17:00 – 19:00.
- Eguenak, 17:00 – 19:00.
- Zapatuak, 12:00 – 13:30.