‘Hâmaïka’ dantza ikuskizuna eskainiko du Cielo Raso konpainiak Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Cielo Raso
Cielo Raso konpainiak ‘Hâmaïka’ dantza emanaldia eskainiko du zapatuan, urriak 21, Torrezabal Kultur Etxean. Ikuskizun honen bitartez taldeak bere hamaika urteko ibilbide sortzailea «hautsi eta nabarmenduko du».
Galdakaoko Udalak egitarau zabala eskainiko du abendura bitarte, musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituzten saioekin. Binkek jaso zuen moduan, urte amaierara arte jatorri eta mota ezberdinetako taldeak igoko dira Torrezabal Kultur Etxeko oholtzara.
Zapatu honetan, urriak 21, 20:00etan Cielo Raso konpainia helduko da Galdakaora, kasu honetan ‘Hâmaïka’ dantza ikuskizuna eskaintzeko.
Emanaldi honen bitartez taldeak bere hamaika urteko ibilbide sortzailea «hautsi eta nabarmenduko du», konpainiak berak azaldu duenez. «’Hâmaïka’-k fikzioa eta errealitatea ukitzen ditu, modu ez oso serioan, begiratzera bultzatuz. Orduan agertzen da magia», adierazi dute Udaletik.
Sarrerak eskuragai daude Torrezabalen eta webgunean, 6 eta 8 euro arteko prezioan.