Hasi dira Agirre Lehendakariaren plazako jolasgunea hobetzeko lanak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Agirre Lehendakariaren plazako jolasgunearen estalkian hobekuntzak egiteko lanak hasi ditu gaur Galdakaoko Udalak, «estalkiak ez duelako euria behar bezala eusten». Lanak egiteko 15 egun inguru beharko direla aurreikusi dute eta tarte horretan ezingo da jolasgunea erabili.
Galdakaoko Udalaren esanetan, Agirre Lehendakariaren plazako jolasgunearen estalkiak «ez du euria behar bezala eusten eta gune batzuetan busti egiten da aterpe azpian ere». Honen aurrean, estalkian hobekuntzak egiteko lanak hasi ditu gaur Udalak.
Zutabeak margotu dituzte ere, izan ere, «pilareen goialde batzuetan pintura hondatuta dagoela ikusi da, oxidatzen hasi dela, eta beraz, margotu egingo dira zutabeak». Horrez gain, «estalkia ez dadin horrenbeste zikindu, usoak pausatzea saihesteko sistema jarriko da eta estalkia garbitu ere egingo da».
Lan hauek egiteko 15 egun behar izango dituela aurreikusi du Udalak eta tarte honetan itxita egongo da jolasgunea. Proiektu honen aurrekontuari dagokionez, 15.657 eurokoa izango dela jakinarazi du Udal Gobernuak.