Hauspotu ekimen berria ere aurkeztuko da Euskararen Eguneko ekitaldian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bagabiz Euskara Elkarteak, Galdakaoko Udalak eta BINKEk Hauspotu ekimena abian jarriko dute elkarlanean, hizkuntza eskubideen inguruko defentsan eta zabalkunde positiboan. Abenduaren 3an aurkeztuko dute Torrezabal Kultur Etxean, Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian.
Domekan, abenduak 3, Euskararen Eguna ospatuko da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatuko dira astean zehar honen harira. Ekitaldi nagusia ordea egun horretan bertan izango da, Torrezabal Kultur Etxean.
BINKEk jaso zuen moduan, hainbat ekintza izango dira ekitaldiaren baitan eta Izaskun Rekalde usansolotarra omenduko da, euskararen alde egindako lanagatik.
Bestalde, Bagabiz Euskara Elkarteak, Galdakaoko Udalak eta BINKEk elkarlanean martxan jarriko duten Hauspotu ekimena aurkeztuko dute abenduaren 3ko hitzorduan.
Egitasmoak hizkuntza eskubideen inguruko defentsa eta zabalkunde positiboa ditu helburu eta honen berri eman zuten Karmele Arrieta eta Maria Jose Arriandiaga Bagabiz Euskara Elkarteko kideek Euskararen Eguneko egitarauaren aurkezpenean.
«Duela hilabete batzuk azterketa egin genuen Galdakaon euskarak zuen egoeraren inguruan eta ondorietako bat izan zen euskara erabiltzeko eskubidea urratzen dela hainbatetan. Honen harira sortu da ‘Hauspotu’», azaldu zuen Arriandiagak.
Saioa doakoa izango da baina gonbidapena deskargatu behar da Torrezabaleko saioetarako sarrerak eskuratzen diren ohiko webgunean.