Herri Krosaren 10. edizioa apirilaren 24an izango da Galdakaon
Kirola
BINKE / 2022eko apirila
Herri Krosaren 10. edizioa apirilaren 24an izango da Galdakaon
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakao Atletismo Taldea
Galdakao Atletismo Taldea apirilaren 24rako X. Herri Krosa antolatzen ari da urtero bezala, eta izen emateko epea badago zabalik. Hemen batu ditugu korrikalariek jakin beharreko guztiak.
Galdakaoko Herri Krosaren hamargarren edizioa apirilaren 24an antolatuko da. Apirilaren 1ean zabaldu zen lasterketa herrikoi honetan parte hartzeko aldez aurreko inskripzioa egiteko epea eta apirilaren 21era arte egongo da zabalik. Hala ere, lasterketaren egunean bertan ere eman daiteke izena. Inskripzioaren prezioa honen araberakoa da, hau da, aldez aurretik izen ematen dutenek 8€ ordainduko dituzte, eta egunean bertan apuntatzen direnek 10€.
Adin txikikoen —2008an edo beranduago jaiotakoak— eta kategoria paralinpikoen kasuan, aldez aurretik izen ematekotan doan hartuko dute parte, eta egunean bertan apuntatzekotan 5€ ordainduko dituzte.
Parte hartzaileak, kategorietan banatuko dira eta hauek izango dira kategoria bakoitzeko distantziak eta ordutegiak:
- 11:00. Benjaminak —2012 eta 2013 urteetan jaiotakoak—: 600 metro, A zirkuituari bira bat.
- 11:15. Kimuak —2010 eta 2011 urteetan jaiotakoak—: 1.000 metro, B zirkuituari bira bat.
- 11:30. Haurrak eta kadeteak —2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoak—: 2.000 metro, B zirkuituari bi bira.
- 11:45. Kategoria paralinpikoa
- Kategoria egokitua: 1.000 metro, B zirkuituari bira bat.
- Kirol trebetasuna: 2.000 metro, B zirkuituari bi bira.
- 12:00. Orokorra
- Juniorrak —2003 eta 2004 urteetan jaiotakoak—: 4.120 metro, C zirkuituari bi bira.
- Gazteak —2005 eta 2006 urteetan jaiotakoak—: 4.120 metro, C zirkuituari bi bira.
- Seniorrak —34 urtera arte—: 8.240 metro, C zirkuituari lau bira.
- Beteranoak —34 urte edo gehiago—: 8.240 metro, C zirkuituari lau bira.
Sariei dagokienez, urtero lez, dortsala jasotzean, kamiseta bat oparituko da oroigarri gisa. Gainera, kategoria eta sexu bakoitzeko lehenengo hiru postuetan geratzen direnei garaikurra emango zaie. Horrez gain, Seniorretako lehenengo postuek —lehenengo emakumea eta lehenengo gizona— txapela ere jasoko dute. Absolutuen kasuan, lehenengo hiru emakumeek eta lehenengo hiru gizonek eskudirua jasoko dute —150€, 90€ eta 60€—.
Horrez gain, jakin beharreko ohar batzuk:
- Parte hartzaileek Urretako kiroldegiko aldagelak erabili ahalko dituzte.
- Proba amaitzean, jaki eta freskagarriak emango zaizkie atleta orori.
- Ez da onartuko lasterketa txakurrekin egitea, ez oztopatzeko.
Aldez aurretik izen emateko
Azken eguna: apirilak 21
www.galdakaoat.com