Herrian era naturalean euskaraz egiteko helburua du Berbalagunen kurtso berriak
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Hasi da euskara herrian era naturalean erabiltzea bultzatu nahi duen Berbalagun ekimenaren kurtso berria, eta bigarren jarduera gaur bertan eskainiko da. Hemen batu ditu Binkek ekintza guztiak.
Martitzenean, urriak 25, Berbalagun proiektuaren kurtso berri aurkeztu zuten Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Asier Iragorri Basauriko alkateak, Ioritz López de Alda Basauriko Berbalagunen dinamizatzaileak eta Asier Martin Galdakaoko Berbalagunen dinamizatzaileak. Haiekin batera, ekimen honetako parte hartzaile batzuk ere egon ziren.
Egitasmo honen helburua euskaraz bizi nahi dutenei laguntza eskaintzea da, euskaldun berriek ikasitakoa pratikan jarriz adibidez, eta Galdakaok aurten 18 urte beteko ditu bertan parte hartzen. Basauriko Udalarekin eta bertako Euskaltegi eta Hizkuntza Eskolarekin elkarlanean, azken urteetan guztira 650 pertsonek parte hartzea lortu dute, pasa den kurtsoan 222 euskaldun izan baitziren —29 taldetan banatuta—.
Martin eta Lopez de Alda dinamizatzaileek, talde ezberdinen motibazioak azaldu zituzten prentsa aurrean; tabernetan elkartzen diren taldeez gain, mendira joateko, josketa lantzeko, euskal dantzak praktikatzeko, txalaparta jotzen ikasteko, irakurtzeko, paseatzeko, edota bizkaiera lantzeko taldeak ere baitaude. Gurasolagun egitasmoa ere aipatu zuten, abenduan jarriko dena martxan.
Gainera, aurtengo ediziorako nobedadeak dituztela iragarri zuten; «aurten pala, frontenis edo padel taldea, mus taldea eta adineko jendearentzako gimnasia taldea sortzeko apustua egingo dugu, gazte, heldu eta nagusiei aukera gehiago eskaintzeko asmoz».
Dinamizatzaileek ekimenetan inskribatzerako orduan eskainiko den malgutasuna azpimarratu nahi izan zuten, hau da, kurtso hasieran izena ematen ez duenak, aurrerago eman dezakela argitu zuten. Gainera, talde baten baino gehiagotan egoteko aukera izango da, eta doakoa da parte hartzea.
Hurrengo data hauetan ekintza ezberdinak antolatu dira:
- Urriak 25, martitzena, 18:00etan. Txiribuelta 2.0 hitzaldia Ibaigane kultur etxean (Basauri).
- Urriak 27, eguena, 10:00etan —lehen saioa— eta 18:30ean —bigarren saioa—. Mintzodromoa egingo da Solobarria plazan (Basauri).
- Azaroak 8, martitzena, 18:30ean. Berbalagun Aurkezpen Jaia Ganguren tabernan (Galdakao).
- Azaroak 10, eguena, 18:30ean. Berbalagun Aurkezpen Jaia Zutarri tabernan (Basauri).
- Azaroak 25, barikua. Jakoba Errekondoren hitzaldia Basaurin. Lekua eta ordua zehazteke daude oraindik.
- Azaroak 30, egueztena, 10:30ean. Mintzodromoa Torrezabal Kultur Etxean (Galdakao).
- Abenduak 16, barikua, 20:00etan. Baskot Gaua San Jose ikastetxean edo poteo musikatua, zehazteke oraindik (Basauri).