Herriko 13 musika talde oholtzara igoko dira Etxeko Plaza jaialdi berrian
Kultura
BINKE / 2021eko abendua
Herriko 13 musika talde oholtzara igoko dira Etxeko Plaza jaialdi berrian
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Taldeek bidalitakoak
Bariku honetan bertan hasiko den Etxeko Plaza jaialdia sortu du Galdakaoko Udalak, zeinetan abenduko hiru egunez, mota guztietako 13 musika talde galdakoztar Torrezabaleko oholtzara igoko diren.
Galdakao «musika aldetik aberatsa» da, Udalaren esanez, «baina talde handien itzalean, jotzeko leku falta izaten dute, sarritan, horren ezagunak ez direnek». Horri irtenbidea emateko, Etxeko Plaza jaialdi itxurako ekimena antolatu du herriko erakundeak lehenengoz, abenduaren 17, 29 eta 30erako.
Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia izango da hiru egunez hamahiru taldeak hartuko dituena, mota guztietako doinu eta genero musikalak protagonista izanda.
Hiru egunetan arratsaldeko 19:30ean hasiko dira kontzertuak eta sarrera doakoa izango bada ere, kontzertua hasi baino ordubete lehenago sarrera eskuratu beharko da Udalaren online plataforman edota Torrezabal Kultur Etxeko lehiatilan.
Hauek dira, egunez egun, oholtzara igoko diren musika talde galdakoztarrak:
Abenduak 17, barikua
- Infarto: duela gutxi sortutako rock taldea da.
- Zaratak: aurtengo Kultur Plazan eman zuen lehengo kontzertua lagun talde honek. Talde ezberdinen bertsioak egiten dituzte euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
- Jona Exposito: Kalte taldeko ahotsa izateagatik ezaguna, bakarlari aritzen da orain, betiere rocka oinarri harturik.
- Ero: dagoeneko bi diska ditu rock talde honek.
Abenduak 29, eguaztena
- Akabu: 2016an sortutako punk-metal taldea da, dagoeneko autoekoiztutako bi diska dituena.
- Bad Moon: talde honek ere coverrak edo bertsioak egiten ditu.
- Calathea: pandemiaren aurretik eratu zen taldea, baina aurten hasi dira kontzertuak ematen. Metalcorea jotzen dute, post-hardcorearekin eta melodic hardcorearekin uztartuta.
- Hellydays: 2018an sortutako hard rock taldea da.
Abenduak 30, eguena
- Enekoguitarraflamenca: ukitu flamenkoa jarriko dio egitasmoari artistak.
- Inbigu Gipsy Jazz: 2019an sortu zen eta swingari eta hot jazzari darion jazz-mota berezia garatzen du, Django Reinhardt sortzailearen ijito-sustraiekin nahasiz.
- Bohemian Soul: klasikoak bertsionatzen dituen bikotea da Bohemian Soul.
- Sonic Free Station: rock, soul eta blues doinuak uztartzen dituen taldea da eta talde ezberdinetan eta estilo ezberdinetako musikariek osatzen dute.
- Now Ninah: soulean, jazzean eta blusean, besteak beste, oinarritzen den taldea da.