Herritarrei informazioa eskaintzeko bederatzi panel jarri ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Teknologia herritarren zerbitzura jartzeko helburuz, Smart Galdakao proiektua jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Honen barnean, albisteak eta agendaren inguruko informazioa eskaintzen duten bederatzi panel jarri ditu herrian zehar. Albiste honetan batu ditugu proiektuaren xehetasunak.
Udalerria eta honen kudeaketa modernizatzeko prozesuan «aurrerapausoa» eman du Galdakaoko Udalak. Teknologia herritarren zerbitzura jartzeko helburuz, Smart Galdakao proiektua jarri du martxan. «Gauzen internet sarea ezarri dugu, hau da, udalerrian ditugun hiri-objektuen bitartez informazioa jasotzeko sistema ezarri dugu», azaldu du Edurne Espilla Komunikazio zinegotziak gaur goizean Torrezabalen egindako aurkezpenean.
Espillarekin batera izan dira Olaia Parra Gardentasun zinegotzia, Jon Karla Larrañaga udaletxeko informatika zerbitzuko burua eta Joseba Basterra Sarenet enpresako arduraduna. Enpresa hau izan da sistema aurrera eraman duena eta guztira 250.000 euro inguruko aurrekontua izan du.
Espillak azpimarratu duenez, proiektu honen helburu nagusia argia da: «Datuak biltzea erabaki hobeak hartzeko». Horretarako, hainbat alorretan erabiliko dute teknologia, hala nola, argiztapena, zarata, zarama edo airearen kalitatea.
Duela hiru urte hasi zuten proiektua eta lehen fasean sare teknologikoa eratu zuten. Bigarrenean ordea, sare hori ezartzeko lanak egin zituzten eta dagoeneko bederatzi panel jarri dituzte herrian zehar. Panel hauei esker albisteak, agendari buruzko informazioa, eguraldia, ordua eta beste hainbat datu ezagutu ahal izango dituzte herritarrek. «Kale batean mozketa bat egingo denean adibidez, hortik gertu dagoen panel baten bitartez jakinarazi dezakegu», azaldu du Espillak. «Batez ere egunerokoan erabiltzen dugun teknologia erabiltzen ez dutenentzat pentsatuta daude», nabarmendu du zinegotziak.
Ezarriko duten hurrengo sistema aparkalekuen inguruko datuak emango dituena da. Herriko sarreretan parkingek momentu horretan dituzten aparkaleku hutsak ezagutzera emango dituzte panel hauek. «Oso erabilgarria izango da eta herrian zehar bueltaka ez egotea ahalbidetuko du», adierazi du Parrak. Udalak sistema hau maiatzean ezartzea aurreikusi du.
Basterrak azaldu duenez, etorkizunean hartu beharko diren erabakiei «aurrea hartzea» da Smart Galdakao proiektuaren asmoetako bat. «Gero eta gogorragoak izango dira instituzioek CO2 emisioak murrizteko hartuko dituzten erabakiak eta teknologiaren bitartez hauei aurreratu gaitezke», nabarmendu du.
Proiektu osoaren nondik norakoak ezagutzeko aukera dute herritarrek gaurtik aurrera. Torrezabal Kultur Etxeak Smart Galdakao erakusketa hartuko du apirilaren 5era arte, astelehenetik ostiralera ordutegi hauetan: 10:00-13:00 eta 17:30-20:30. Gaur, bihar eta etzi Joseba Basterra Sareneteko arduraduna izango da Torrezabalen proiektuari buruzko azalpenak emateko.