Hilerrira joateko zerbitzua eskainiko du Galdabusak bihar
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Bihar, Domu Santu Eguna, Galdabusak zerbitzua eskainiko du hilerrira joan-etorria egiteko. Jaieguna izan arren bi lineak egongo dira martxan eta biak joango dira Elexalderaino.
Bihar, azaroak 1, Domu Santu Eguna ospatuko da eta hilerrira joateko ohitura handia dago. Hau kontuan hartuz eta autoen pilaketa gutxitzeko helburuz, Galdabusa martxan izango du Galdakaoko Udalak. Jaiegunetan zerbitzurik ematen ez duen arren, bihar bi lineak egongo dira martxan.
Zuhatzutik abiatzen den linearen ohiko ibilbidea Elexaldera artekoa izaten da. Hala izango da bihar ere, astelehenetik barikura duen ordutegia mantenduta.
Aperribaitik abiatzen den lineak, berriz, udaletxe ondoan izaten du helmuga normalean. Domu Santu egunean, ordea, ibilbide luzeagoa izango du: Elexaldera arte igoko da, udaletxearen ondoren Zabalganen eta hilerrian geldialdiak eginda.
Ordutegi eta geltoki guztiak ezagutu daitezke Galdakaoko Udalareb webgunean.