Hogeita hamar galdakoztarrek torturak salatu izana gogoratu dute gaur
Torturaren Aurkako Eguna
BINKE / 2022ko otsaila
Hogeita hamar galdakoztarrek torturak salatu izana gogoratu dute gaur
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Torturaren Aurkako Eguna da gaur eta horregatik 50 lagun inguru batu dira eguerdian Iturrondo plazan. Torturak euskal herritarren eta galdakoztarren artean utzitako zenbait datu ematearekin batera, «egia, aitortza, erreparazioa eta berriro gertatuko ez denaren bermea» eskatu dute.
Joxe Arregi gazte zizurkildarra 1981eko otsailaren 4an atxilotu zuten, ETArekin lotura izatea leporatuta, eta bederatzi egunez torturatu ostean otsailaren 13an bihotzekoak emanda hil zen. Geroztik Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian. Eta gaur, egun hori gogoratzeko, 50 herritar inguru batu dira Iturrondo plazan Sortu alderdiak deituta.
«Gaztelako inkisizio santuaren garaietatik hasi eta gaur egunera arteko ibilbidean, tortura arma politiko bezala» erabili dutela salatu du gaur hainbat galdakoztarrek, Sortuko kideek irakurritako manifestuan. Horrekin, Euskal Memoria fundazioaren datuei erreparatuta, 1958 eta 2014 urteen artean «euskal gatazkarekin lotuta 5.653 pertsona torturatu izan direla» gogoratu dute.
Datuok Galdakaora ekarrita, 30 galdakoztarrek 1980tik torturak salatu izan dituztela aipatu dute. Hogeita hamar horietatik 17 Guardia Zibilak eragindako torturak izatea baieztatu dute Iturrondon, hiru Espainiako Poliziak eragindakoak eta zortzi Ertzaintzak.
Urte guzti hauetan «torturatzaileek izandako inpunitatea» salatu dute, «baita Ertzaintzarena ere», eta tortura «modu sistematikoan» egin izana deitoratu dute. Horrela, «normaltasunera bidean pauso asko emateko dagoala» adierazi dute eta «ezkerreko euskal independentismoa modu basatian torturatua» izan dela iritzita, «zauria ixteko behar horretan egia, aitortza, erreparazioa eta berriro gertatuko ez denaren bermea» exijitu dute dozenaka galdakoztarrek gaur.