Ibaizabal ibaiak ez du gainezka egin, euriak Galdakao gogor astindu arren
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Iragarritako neurketen arabera, Galdakao izan da euri-jasak jasotzen Bizkaiko herririk zigortuenetakoa. Aldiz, azken orduetan euria gogotik bota badu ere, Ibaizabal ibaiaren berbideratze-lanek bere lehenengo emaitzak eman dituela dirudi eta ez da uholderik sortu herrian.
Iritsi da neguak dakarren ohiko eguraldia gurera, eta euria da eguraldi horren ezaugarrietariko bat. Bizkaia izan zen astelehenean, urtarrilak 16, euri gehien bota zuen Euskal Herriko lurraldea. Probintzia osoan metro karratuko 45 litrotik gora bota ditu azken orduetan, baina Galdakaon aise gainditu da marka hori: 66 litro metro karratuan jasota.
Ibaizabal ibaiaren berbideratze-lanek eman dute beren lehenengo emaitza eta hori ere bada notizia Galdakaorentzat: Ibaizabal ibaiak ez du gainezka egin, euriak gogotik bota badu ere astearen hasierarekin batera. Iragarritako neurketen arabera Gautegiz-Arteaga izan da euriteengatik Bizkaiko lurralderik kaltetuena, 75 l/m2 neurtuta. Bere atzetik izan dira Markina-Xemein eta Galdakao, bietan 66 litro jasota.
Ordea, Galdakaon ez du ibaiak puntu batean ere gainezka egin, eta horren lekuko izan da Binke: Merkadillo zubian, Zuhatzun, Bekea parean eta Aranzelaiko bidean izan gara egunak argitu bezain pronto, Ibaizabalen mailaren berri bertatik bertara jasotzeko. Irudiok Binkeren Instagram eta Twitter kontuetan daude ikusgai.
Iragarpenen arabera, egoerak hobera egingo du eta ibaien mailak beheranzko joera hartu du honezkero gaur, martitzen goiza. Hala erakusten du Euskalmeten beheko grafikoak, nahiz eta bihar ere errutik bota dezaken berriz.