Ibarluzeko alokairu baxuko etxebizitzetan izena emateko epea udazkenean zabalduko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ibarluze kalean eraikitzen ari diren 60 alokairu baxuko bizitokien erabilerarako baldintza eta oinarriak onartu ditu Galdakaoko Udalak. Udazkenean zabalduko da etxebizitza hauetan izena emateko epea eta hemen batu ditugu baldintza nagusiak.
Etxebizitzen prezio altuengatik emanzipatzea zaila zaien gazte galdakoztarrei eta premia handiena dutenei zuzendutako etxebizitzak eraikiko dituzte Ibarluzeko 40. zenbakian. Guztira 60 bizitoki egingo dira eta Galdakaoko Udalak hauen baldintza eta oinarriak onartu ditu.
Diru sarreren araberako kanona ordaindu beharko da alokairu gisa eta baita , elektrizitatea, gasa, ura, berokuntza, telefonoa eta beste hornikuntzen ondoriozko gastuak.
gehienez bost urtez bizi ahalko da bertan. Udalak iragarri duenez, udazkenean irekiko da 60 etxebizitzetan izena emateko epea. Interesa dutenei oinarri guztiak irakurri eta aztertzeko gomendioa egiten die Udalak, eskaera aurkeztu behar denerako baldintzak betetzen direla ziurtatuta izateko.
Zuzkidura bizitokiak adjudikatzeko prozeduraren oinarri guztiak Udalaren webgunean ezagutu daitezke. Baldintza nagusiak ordea hauek dira:
- Azken hiru urtetan Galdakaon erroldatuta egotea edo aurrez bertan erroldatuta egon izana gutxienez 15 urtez
- Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzailen Erregistroan izen emanda egotea alokairu eskatzaile gisa soilik
- Ez izatea etxebizitzarik jabetzan
- Udal zergen ordainketa egunean izatea
- Diru sarrerak: zken errenta aitorpenari dagozkion diru sarrerak 8.000 eta 30.000 euro artekoak izan behar dute, eta gazteei zuzendutako bizitokiak eskatzeko 36.000 euro artekoak izan ahalko dira sarrerak, bi eskatzaile direnean
- Gela bateko bizilekuetan bi kide bizi ahalko dira gehienez, eta bi gelakoetan, gehienez lau
- Etxebizitza premia berezia duten kolektiboak kontutan hartuko dira
- Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, epea zabaltzen denean (2023ko azken hiruhilekoan izango da eta jakinaraziko dira datak), eskaera epea hilabetekoa izango da, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiri guztiak
Ibarluzeko 40. zenbakiko 60 etxebizitzen banaketa ordea izango da:
- Logela bakarreko 42 bizileku gazteentzat izango dira, 34 urtetik beherakoentzat. 150 eta 300 euro bitarteko kanona ordainduko dute erabiltzaileek hilean alokairu gisara, diru sarreren arabera.
- Bi logelako 16 etxebizitza guraso bakarreko familientzat bideratuta egongo dira, ama edo aita eta bere ardurapean dauden seme-alabentzat. Bizikidetza unitate bakoitzak 180 eta 360 euro bitartean ordainduko ditu hilero alokairu gisara, diru sarreren arabera.
- Mugikortasun urri iraunkorra dutenentzat gela bakarreko 2 bizileku gordeko dira, beheko solairuan egongo direnak. 150 eta 300 euro bitarteko kanona ordainduko dute hilean, diru sarreren arabera.