Ibarluzeko zuzkidura bizitokiak egokitu zaizkien herritarren zerrenda argitaratu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ibarluzeko zuzkidura etxebizitzak laster amaituko dituzte eta herritarrek kontratuak apirilean sinatzea aurreikusi da. Galdakaoko Udalak argitaratu du bizitoki hauek egokitu zaizkien herritarren zerrenda eta ondoko albistean batu dugu.
Gazteen emantzipazioa bultzatzeko helburuz, Galdakaoko Udala 60 zuzkidura bizitoki eraikitzen ari da Ibarluze kalean. Hauetan izena emateko epea azaroaren 30era arte zabaldu zen eta Udalak orain bizitoki hauek egokitu zaizkien herritarren zerrenda argitaratu du.
198 herritarrek egin dute bizitoki horietako bat erabili ahal izateko eskaera eta horiek banan bana aztertu ondoren, 113 eskaera eman dira ontzat. Gainontzekoek ez zituzten oinarrizko baldintzak betetzen. Onartutako eskatzaileen egoeraren arabera puntuak banatu, eta horrela, baremazio bidez esleitu dira bizitokiak.
Zerrenda Galdakaoko Udalaren webgunean ezagutu daiteke eta esleipendunen behin betiko zerrendarekin batera, kupo bakoitzari dagokion itxaron zerrenda ere kontsulta daiteke lotura horretan, bai eta bizitokien esleipena ere, lehentasun ordenaren arabera. Gainera, dokumentu horiekin batera, kontratua sinatu aurreko jarraibide argigarri batzuk aurkeztu dira.
Halaber, eraikina barrutik ikusteko eta azalpenak bertatik bertara jasotzeko aukera izango dute bizitokia egokitu zaien herritarrek, kontratua sinatu aurretik. Bisita hori Aste Santuko jaiegunen aurretik egitea aurreikusten du Udalak eta kontratuaren sinadura eta giltzen banaketa Aste Santuaren ondoren egitea.