Ibilaldia 2025ean ospatuko da bigarrenez Galdakaon
Ikastolen jaia
BINKE / 2021eko urtarrila
Ibilaldia 2025ean ospatuko da bigarrenez Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Argia Garcia, 2009ko Ibilaldian ateratakoa
Galdakaon lehenengoz Ibilaldia jaia 2009an antolatu zuen Eguzkibegi Ikastolak. Bigarrena 2025ean antolatuko duela jakinarazi du gaur, asteartea, Ikastolen Elkarteak.
Ikastolen Elkarteak 2023tik 2028ra arteko Ibilaldia jaien antolakuntzak esleitu zituen atzo, astelehena, Bizkaiko Lurralde Batzarrak egindako bileran. Eta gaur jakinarazi du ohar bidez, «bizi dugun osasun larrialdi egoerak ikastolen itxaropenak zapuztu ez dituela» nabarmenduz.
Pandemiaren aurreko egoerara aurten «nekez» helduko direla ohartarazi du erakundeak, «baina egoerara moldaturiko jaiak prestatzen dihardugu, eta etorkizunekoak pentsatzen ere bai».
Hori horrela, Ikastolen Elkarteak hurrengo sei jaiak non ospatuko diren eta zein ikastolek antolatuko dituzten erabaki du. Hauexek dira hurrengo urteetarako hitzorduak:
- 2023an, Zubi Zahar ikastolak, Ondarroan.
- 2024an, San Nikolas ikastolak, Getxon.
- 2025ean, Eguzkibegi ikastolak, Galdakaon.
- 2026an, Kirikiño ikastolak, Bilbon.
- 2027an, Bihotz Gaztea ikastolak, Santurtzin.
- 2028an, Harrobia ikastolak, Bilbon.
Erabaki horri kasu eginez beraz, eta osasun egoera berri honek uzten badu, Eguzkibegi Ikastola izango da 2025eko maiatzaren 25ean, igandez, Ibilaldia bigarrenez Galdakaon antolatzeko ardura izango duena. Lehenengoz 2009an antolatu zuen Galdakaok neurri honetako jaia, ikastolako langile, guraso eta ikasle ohiez osatutako batzordeen bitartez.