Ibilbide berria egokitu du Ganguren taldeak, Upo mendiaren magalean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ganguren Mendi Taldeak, Udalaren ekimenez, mendi-ibilbide berria egokitu eta seinalizatu du, informazio panela tarteko. Ibilbide berri hori Usansolon dago, Upo mendiaren magalean eta Azarola labea protagonista duela. Datu gehiago batu ditugu ondo albistean.
Galdakaoko egungo Udal Gobernuaren 100 konpromisoen artean dago udalerriko mendi-ibilbideak egokitzea, hesitzea eta seinalizatzea. Orain arte, Gobernu Planaren 29. puntuari jarraiki, hiru ibilbide zirkular eta 12 lotura prestatu dituzte. Asteon aurkeztu dute berria, Upo mendiaren magalean.
Ganguren Mendi Taldeak hartu zuen ibilbide guzti horiek egokitzeko eta horien inguruko informazioa batzeko ardura, eta ibilbide berri honekin ere hala izan da. Kasu honetan, Upo mendiaren magalean dagoen Azarola labearen ingurua hesitu, seinalizatu eta informazio panela jarri da. Azarola labearen inguru hau Usansolon dago, Lekubasoko urtegiaren eta Arteta auzoaren artean.
Egindako lanen artean, esan moduan, informazio panela dago, Xabier Orue-Etxebarria geologo galdakoztar ezagunaren dokumentazioari esker osatu dena —argazkian, Pedo Mari Aizarna Ganguren Mendi Taldeko presidentearekin batera ezkerrean gora begira ageri da Orue-Etxebarria—. «Bertan, burdinak gure inguruan zer nolako garrantzia izan zuen azaltzen da eta minerala murrizteko labeen ezaugarriak eta funtzionamendua ere ageri dira, argazkiz eta ilustrazioz lagunduta», azaldu du ohar bidez Udalak.
Orain arteko ibilbide guztiak Udalaren zein Ganguren elkartearen webguneetan daude eskura.