Ibilgailu elektrikoak kargatzeko hiru puntu jarriko ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Irati Alonso García
Gobernu Planean aurreikusi zuen moduan, Galdakaoko Udalak ibilgailu elektrikoak kargatzeko hiru puntu jarriko ditu. Iturriondo, Unkina eta Lapurdiko aparkalekuetan kokatuko dira eta azken honetan lanak hasi dira dagoeneko.
Ibilgailu elektrikoentzako hiru karga puntu jarriko ditu Galdakaoko Udalak Iturriondo, Unkina eta Lapurdiko aparkalekuetan. Azken honetan lanak martxan dira eta hiru puntuak datorren urte hasieran prest egotea aurreikusita dago.
Lapurdiko parking publikoan bost leku egokituko dira karga puntu gisa. Lau kargadore erdi-azkarrak izango dira eta bestea azkarra. Udaletxe ondoan dagoen Iturriondoko parkingean aldiz, hiru toki jarriko dira kargarako, bi erdi-azkarrak eta azkar bat. Unkinako parkean bost puntu izango dira guztira, lau erdi-azkarrak eta azkar bat.
Udalak jakinarazi duenez, Iberdrola izango da zerbitzua emateko arduraduna, makinak enpresa honek ustiatuko dituela. Horretarako lur publikoa utziko zaio eta trukean kanon bat ordainduko dio urtero Udalari erabileragatik.
«Klima aldaketari aurre egiteko, eta horretarako besteak beste CO2 isurketak gutxitzeko helburuz, gure eskuetan dauden askotariko neurriak hartzen jarraituko dugu», adierazten du Udal Gobernuak.