«Ideologia ari du», Julen Gabiria
Urandreak lez
Julen Gabiria Lara
BINKE / 2020ko abendua
Ideologia ari du
Denak segitzen du izaten politika. Berdin dio testuinguruak: segitzen du denak politika izaten. Eta badakit honezkero ikasia izan beharko nukeela lezioa, baina zeharo izorratzen nau, zeharo eta egunero, komunikabide publikoak izateak etengabe dabiltzanak politika egiten, ezarian, euri-langarra bezala, gehiegi bustiko ez zaituen baina hezurretaraino sartuko zaizun zirimiritxo baten moduan: ideologia ari du; publikotik, baina ideologia.
Ez da ezer berria, betiko doinua da hau, ez nabil kontinente berririk deskubritzen. Baina beti egiten zait deigarria, esate baterako covidaro betean gauden honetan, jendearen ardura bakarra osasuna denean, gure komunikabide publikoek ideologiaren zaparrada langartzen jarraitzea. Denak segitzen du izaten politika, ETBko albistegiak jarri eta ikusten duzunean lehen eguraldiaren maparako zena orain pandemiarako ere badela: batetik daudela EAEko datuak, bestetik Nafarroakoak, eta hurrena munduko gainerako tokietakoak, zorte pixka batekin agian Iparraldea deitzen dugun ezleku lanbrotsu horretakoak ere bai. Hori ez bada politika egitea, hori ez bada dosika-dosika ideologia jakin bat txertatzea inongo laborategitan testatu ez den ziztada baten antzera, azalduko ote dit norbaitek zer den orduan.
Nik nahi nuke nazio ikuspegia eskaintzen duen komunikabide publiko bat, hurbilagoak zaizkionak Hazparneko PCR probak Majadahondakoak baino, erreferenteak gure artean bilatuko dituenak, elkarrizketatuei euskaraz erantzuteko eskatuko diena.
Agian gehiegi ari naiz eskatzen, agian neu naiz ideologia duena. Baina ez: zirimiri horrek ere badu ideologia.