Igor Anton da Galdakao Txirrindulari Elkarteko presidente berria
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Igor Anton txirrindulari ohia da Galdakao Txirrindulari Elkarteko presidente berria, Jon Amianoren ordez. Antonekin hitz egin du BINKEk aro berri honetan izango dituen helburu eta erronken inguruan.
Galdakao Txirrindulari Elkarteak presidente berria du: Igor Anton. Txirrindulari ohiak Jon Amianoren ordez hartu du kargua, elkarteak egindako bilera batean horrela adostu ostean. Amianok lau urte eman ditu presidente moduan.
«Presidente izateko ideia ez nuen buruan hasieran baina nire izena agertu zenean pozez hartu nuen», aitortu dio BINKEri Antonek. «Polita da presidente bezala egotea nirea sentitzen dudan talde batean», nabarmendu du.
Orain arte Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelan oso inplikatuta izan da Anton, batez ere honek antolatzen dituen ekintzen kudeaketan. Eta egiteko honetan jarraituko duela azaldu du: «Ekintzak antolatzen eta entrenamenduetan jarraituko dut eta elkartearen beste alorretan laguntza izango dut».
Presidente moduan argi du zein den elkarteak izan behar duen izaera: «Herrian txirrindularitza kirola baino gehiago izatea nahi dugu eta horretan lan egiten jarrituko dugu. Bizikleta garraiobide moduan erabiltzera bultzatzen jarraituko dugu».
Helburu hau lortzeko hainbat ekintza egingo dituzte aro berri honetan ere, eta aurretik martxan jarritakoekin jarraituko dute. Besteak beste, Harriet Ormazabal umearentzat handbike bat erosteko erronka solidarioa amaitu nahi du elkarteak, eta honen inguruko dokumentala egiteko asmoa ere badu.