
Imanol Aguilar: «El Chico Diva naizenean indartsu eta boteretsu sentitzen naiz»
Imanol Aguilar, artista
BINKE / 2025eko otsaila
«Errespetuaren bitartez ikasi behar dugu besteak onartzen»
· Imanol Aguilar Roman
1998, Galdakao
Bengoetxen egin zituen ikasketak eta lanbidez ilepaintzailea eta makillatzailea da gaur egun. Publikoaren artean ordea ‘El Chico Diva’ ezizenez ezaguna da eta drag queen ikuskizunak eskaintzen ditu. Mozoilo Irratian ere aritu izan da eta Santakurtzetan antolaketa lanetan dabil urtero.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Lanbidez ileapaintzailea eta makillatzailea den arren, El Chico Diva ezizenez da ezaguna Imanol Aguilar galdakoztarra. Bere logelatik Instagrameko zuzenekoak egiten hasi zen duela bost urte eta pandemia garaian Ru Paul’s Drag Race telesaila ezagutu zuen. Horrek drag queen mundua ireki zion eta ileordeak eta erropa erosi ostean, gaur egun publikoki eskaintzen dituen eta abestiak eta koreografiak sortzen hasi zen. Berarekin hitz egin dugu El Chico Divaren ibilbideaz eta drag queen munduaz.
Noiz hasi zinen drag queen munduan? Drag munduan hasi baino lehen, nire logelan zuzenekoak egiten hasi nintzen. Gauean pijama jarri eta Instagramen zuzenekoak egiten nituen, egunean zehar nire bizitzan gertatzen zen guztia kontatzen. Hortik bost urte pasa dira. Kuadrilla askok nire zuzenekoak ikusten zituzten eta horrela ezaguna egin nintzen Galdakaon. Pandemia garaian Ru Paul’s telesaila aurkitu nuen eta horrek mundu ikaragarri bat zabaldu zidan. Ileordeak eta erropa erosi eta horrela asi nintzen nire logelan abestiak eta koreografiak egiten.
Une horietan noizbait pentsatu zenuen logelan aritzen zen mutil hori oholtza batera igoko zenik? Inoiz ez nuen pentsatu horrelakorik. Pandemia garaian Euskal Herriko drag asko ikusten hasi nintzen baina inoiz ez nuen pentsatu beraiekin eszenatokian egingo nintzenik. Duela gutxi Albina Stardustekin egon nintzen oholtza gainean.
Zure lagunen eta familiaren babesa izan duzu zure drag queen pertsonaia plazaratzeko orduan? Nire lagunek asko lagundu didate bide honetan. Familia aldetik zailagoa egin zait, drag queen eta gaueko mundua ez zaielako gustatzen. Hala ere, badakit haien babes guztia daukadala mundu honetan.
Zertan inspiratu zinen El Chico Diva sortzeko? Pandemia garaian logelan sartuta Ru Paul’s Drag Race programa ezagutu nuen. Horrek inspirazio eta ate ugari ireki zidan maquillajeak eta look-ak sortzeko momentuan. Gaur egun Instagram bitartez mundu osoko drag pertsonaiak ikusteko aukera izanik, hortik ateratzen dut inspirazio gehiena.
Zergatik jarri zenion ‘El Chico Diva’ izena? El Chico Diva nire logelan sortu zen zuzenekoei esker, baina Galdakaoko koadrilla batzuei esker gero eta ezaguna egin zen, adibidez Dekantuz koadrilari esker. Haiekin egiten nituen askotan gaueko zuzenekoak. Momentu oso barregarriak gertatzen ziren zuzeneko haietan.

Zeintzuk dira El Chico Divaren ezaugarri nagusiak? Ileorde ikaragarriak eta playbackean umore asko egotea. Umorerik gabe El Chico Diva ez lirateke existituko. Nire pertsonaian umorea eta indarra uztartzen dira, eta hori da Chico Divaren funtsa. Gainera, oso gustuko dut umorea ez duen abesti batetik gauza barregarri asko ateratzea.
Oso ezberdinak dira Imanol Aguilar eta El Chico Diva? Ez gara hain desberdinak. Pertsonaia aldatzen da baina atzean dagoen pertsona berdina izaten jarraitzen du. Are gehiago, El Chico Divaren pertsonaia hartu izana lagungarria izan da nire bizitzako hainbat alderditan gauza asko gainditzeko.
Zer sentitzen duzu soinekoa eta takoiak janzten dituzunean? El Chico Divak indartsu eta boteretsu sentiarazten nau, nahi dudan guztia egin dezakedalako, limiteak gainditu gabe. Imanol izanik sekula egingo ez nituzkeen gauzak egiteko modu bat da. Horri esker, Imanol naizen bitartean egin ezin izan ditudan hainbat gauza egin ahal izan ditut.
Nola sentitzen zara erosoago, Imanol edo El Chico Diva moduan? Bi eratan eroso sentitzen naiz baina egia da peluka janzterako orduan zailagoa egiten zaidala etxetik ateratzea, horregatik askotan kamerinoetan eta deitzen didaten leku berean aldatzen saiatzen naiz.

Aurreiritzi asko dago drag munduaren inguruan. Zuk bizi izan dituzu? Oso zaila da drag munduan hastea. Ni nire kabuz atera nintzen nire logelatik kalera baina oraingo garaietan Drag Etxe proiektu asko daude drag izan nahi duten pertsonei laguntzeko eta leku seguruan praktikatzeko. Niri pertsonalki House Of Baskqueens etxeak asko lagundu egin dit Bilboko proiektu askotan egoteko orduan, proiektuak eta aktuazioak aurkitzeko orduan. Beraiek ere asko laguntzen duten drag munduan prekarietatea ekiditzeko orduan. Oso zaila da drag izatea eta zure logelan orduak prestatzen igarotzea gero bi orduko ikuskizunagatik hogei euro irabazteko. Horrelakoak askotan bizitzen ditugu.
Hala ere, gero eta gehiago hazten ari den mundua da. Gero eta aukera gehiago daudela somatzen duzu? Munduak pentsatzeko daukan modua asko aldatzen ari da eta aukera gehiago ematen dizkigute gure proiektuak eta ikuskizunak egiteko. Horrek asko laguntzen digu gure artea eta sormena kanporatzeko orduan.
Zer esango zenioke drag queen izan nahi duen baina ausartzen ez den pertsona bati? Nik esango nioke, lehenik eta behin, beti izan behar duzula zure burua eta zure sormenaren inguruko segurtasuna. Drag mundua ez da beti erraza, baina zure izaera eta norabidean sinesten baduzu, gauza asko lor ditzakezu. Ez izan beldurrik, lehenengo pausoa ematea baino ez duzu egin behar. Eta lehen esan dudan moduan, Drag Etxe bat topatuz gero, beraiek lagunduko dizute zure pertsonaia lortzen eta aurrera ateratzen.
Eta mezu bat drag queenak zirikatzen edo iraintzen dituztenentzat? Kasu hauetan nire mezua oso argia da: guztiok merezi dugu errespetua, bakoitza bere modu eta estiloan. Drag munduak aniztasuna ospatzen du, eta horregatik ezin ditugu onartu inolako diskriminazioa edo irainak. Jendeak errespetuaren bidez ikasi behar du besteak maitatzen eta onartzen. Yogurinak daukan abesti batek esaten duen moduan, «No más plumofobia, acaba ya con esta vieja historia».
Drag munduaz haratago eginez, Mozoilo Irratian ere ibili zara kazetari. Kazetaritza gustoko duzu? Bai, kazetaritza asko gustatzen zait. Irratiaren bidez komunikatzeko eta informazioa helarazteko aukera izatea esperientzia ikaragarria izan da.
Esperientzia horrek lagundu dizu inprobisazioa eta hitz egiteko erraztasuna lantzerako orduan? Bai, zalantzarik gabe. Kazetaritza munduan egon naizen bitartean ikasi dudanaren zati handi bat inprobisazioari eta komunikazioari dagokio. Horrek drag munduan eta oholtza gainean igotzeko orduan asko lagundu dit.
Santakurtzetan ere ibiltzen zara antolakuntza lanetan, batera eta bestera. Saltseroa zarela esan daiteke, ezta? Galdera honi bai handi batekin erantzun beharra daukat. Santakurtzak asko gustatzen zaizkit, batez ere antolatzerako orduan. Daukadan lanarekin ezin nahiz batzarretan egon baina badakite antolatzeko eta argazkiak ateratzeko batetik bestera nagoela. Eta aukera hau daukadanez, hemendik pregoilari izateko kandidatura aurkezten dut. Ia posible den herri osoa purpurinaz betetzea, jajajajaaj! •
