Imsersoko bidaietan parte hartzeko izena eman daiteke Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Simona Pilolla
Dagoeneko zabalik dago Imsersoko Turismo Programan izena emateko epea. Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuaren webgunean egin daiteke eta baita Galdakaoko Udaleko Adinekoak Dinamizatzeko bulegoan.
Urtero bezala, Espainiako Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak, Imserso moduan ezaguna, bidaiak antolatu ditu nagusientzat eta izena emateko epea zabaldu du dagoeneko. Horretarako hainbat modu daude, besteak beste, telematikoki edo bulegoetan.
Galdakaon, Udaleko Adinekoak Dinamizatzeko bulegoan eman daiteke izena. Halaber, 912 667 713 telefonora deituta, Imsersoren egoitza elektronikoaren bitartez eta Imsersoren turismo-programa arautzen duen aginduan zerrendatutako edozein erregistro elektronikoetan eta bulegoetan egin daiteke.
Gutun-azal frankeatuaren bitartez egiteko aukera ere ematen dute. Hau da helbidea: Programa de Turismo del Imserso, Apartado de Correos 10.140, 28080 (Madrid).
Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuaren arabera, bidaia hauetan parte hartzeko baldintza hauetako bat bete behar da: jubilazio-pentsioduna izatea; berrogeita hamabost urte edo gehiagoko alargun-pentsioduna izatea; beste kontzeptu batzuengatik pentsiodun izatea edo langabezia sorospenak jasotzea, 60 urte edo gehiago izanik; edo Espainiako Gizarte Segurantzako Sistemaren aseguratua edo onuraduna izatea, 65 urte edo gehiago izanik.
Behin izena emanda, Imsersok egiaztapena egingo du eta ebazpenaren berri emango die parte hartu nahi dutenei. Udalak gogoratu duenez, Galdakaoko Adinekoen Dinamizaziorako Zerbitzuan laguntza jaso daiteke egiteko hauetarako.