
Iñaki Ibarretxe hil da, futboleko atezain historiko galdakoztarra
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko eta Malagako futbolaren historietan ekarpen handia egin zuen Iñaki Ibarretxe atezain galdakoztarra hil da, 91 urte zituela. Ibarretxek bere taldekideekin lortu zuen, besteak beste, Galdakaok Espainiako Kopa irabaztea eta Malaga Lehenengo Mailara igoaraztea.
Iñaki Ibarretxe Gurtubai galdakoztarra otsailaren 17an hil da, 91 urte zituela. Galdakoztarra ezagun egin zen 60. hamarkadan, futbolean egin zuen ibilbideagatik. Ez zen ibilbide luzea izan, baina bai garai hartako kirolean arrasto polita utzi zuena, Galdakaon hasi eta Malagan amaituta.
Bere herritik hasita, esaterako, orain arte irabazitako Espainia mailako titulu bakarra eman zion Galdakao Futbol Taldeari Ibarretxek, Espainiako Kopa, bere garaiko taldekideekin batera: 1957ko ekainaren 23an Salamancari 4 eta 1 San Mames futbol zelaian irabazi ostean. Hurrengo denboraldia Ligako Hirugarren Mailan jokatu zuen talde galdakoztarrak, baina berak Indautxura egin zuen jauzi —sasoi horretan Bigarren Mailan jokatzen zebilen talde bilbotarra—, 1960-61 denboraldirako Malagak fitxatu zuen arte. Andaluziako taldean egindako lana ez zen makala izan, Jon Zarate lezamarrarekin batera Malaga Futbol Taldea Espainiako Ligako Lehenengo Mailara igoaraztea lortu baitzuen.
Maitatua izan zen oso Iñaki Ibarretxe han ere, eta horren adibide da orain bi urte Malagan egin zioten omenaldia. Bere taldekidea zen Ben Barek jokalari historikoarekin batera omendu zuten galdakoztarra, Malaga eta Galdakao futbol taldeetako beteranoen arteko norgehiagokaren aurretik. Ohorezko sakea egin zuten partida hartan.
Malagara joan aurretik Iñaki Ibarretxe eta Jon Zarate taldekide-lagunak elkartu zituen BINKEk Santa Barbara futbol zelaian, eta euren futbolari garaiez hitz egiteaz gain une gogoangarri batzuk ere utzi zizkigun zendu berri den Ibarretxe galdakoztarrak albiste honen amaierako bideo-erreportaje honetan.
Hileta elizkizuna eguazten honetan, hilak 19, izango da Galdakaoko Santa Maria parrokian 19:00etan hasita. Gugan bego.