Iñigo Hernandok alkate izaten jarraitzeko hautagaitza errepikatuko du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai, Binkeren artxibotik (2019)
Datozen maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategai izango da bigarrenez Iñigo Hernando. Gaur aurkeztu du EH Bildu koalizioak zerrendaburua, eta berarekin bigarren agintaldia egiteko asmoa erakutsi du Santi Brouard enparantzan egindako ekitaldian.
Pixkanaka ari gara ezagutzen datozen udal hauteskundeetako alkategaiak nortzuk izango diren. Galdakaoko hurrengo alkatea izateko lehenengo hautagaia PSE-EE alderdiaren eskutik ezagutu genuen: Victor Trimiño gaztea. Ostetik Podemos taldeak Jose Luis «Txelu» Bernal aurkeztu zuen eta bere alkategaia aurkezten hirugarren alderdi galdakoztarra EH Bildu izan da.
Gaur egungo alkatea izango da bigarren agintaldia egiteko koalizio subiranistak aurkeztu duen pertsona: Iñigo Hernando Arriandiaga Industria Ingeniaritzan doktorea. Berarekin, EH Bilduk bigarren legegintzaldia egin asmoa du. Hala aurkeztu du gaur, azaroak 9, alkatetza EAJri Galdakaon lehenengoz kendu dion alderdi ezkertiarrak. Jendaurrean Santi Brouard enparantzan egindako agerraldian Hernandok esan du «bidean aurrera egiteko prest» dagoela, eta bide horretan aurrera egiteko «eskua luzatu» die galdakoztarrei egungo alkateak.
EH Bildu Galdakaoren zerrendaburu, beraz, 2019tik Galdakaoko alkate dena izango da. Nahiz eta 2019ko hauteskundeak alderdi jeltzaleak irabazi zituen, Hernandok alkate izatea lortu zuen bereziki bi motibo sozio-politikori esker: batetik EH Bilduk berak jaso zuen botoen gorakadari esker, eta bestetik Auzoak plataforma berriaren jaiotzari esker —zeinek lau zinegotzi eskuratu eta, Usansolo Herria (bi zinegotzi) eta Podemos (zinegotzi bat) alderdiekin batera, Iñigo Hernando alkate izatea ahalbidetu zuen—.
Gaur egun udalbatzan ordezkatuta dauden taldeei begira, orain EAJren, Auzoak-en eta Usansolo Herriaren alkategaiak nortzuk izango diren jakitea falta da.