Iñigo Hernandok Galdakaoko alkate izaten jarraituko du, EH Bilduren 9 zinegotzirekin
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Orain arteko EH Bilduren lau urteko ibilbideari babesa adierazi diete 5.383 galdakoztarrek eta ondorioz, bederatzi zinegotzi eskuratuta, Iñigo Hernandok Galdakaoko alkate izaten jarraituko du bigarren legegintzaldi batez.
Historia egin du EH Bilduk Galdakaon, EAJren parean sei zinegotzi izatetik bederatzi eledun izatera igaro baita koalizio abertzalea 2023ko udal-hauteskundeetako emaitzei esker. Goranzko joera nabaria izan da 2015eko udal-hauteskundeetatik, urte hartako emaitzekin lau zinegotzi eskuratu zituen EH Bilduk, 2019an sei eta 2023koetan, bederatzi.
Aurreko udal-hauteskundeak EAJk irabazi bazituen ere —Fernando Izagirre alkategai zela—, Auzoak —lau zinegotzi—, Usansolo Herria —bi zinegotzi— eta Podemos —zinegotzi bakarra— taldeekin akordioa egin eta Udal Gobernua osatzea lortu zuen EH Bilduk Galdakaon. Horrela, Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko historian jeltzalea ez den lehenengo alkatea bilakatu zen 2019ko maiatzean.
Eta herriak alkate abertzalearen zein bere taldearen lana babestu du, alkatetza berretsiz. Guztira 5.383 boto-emailek babestu dute EH Bilduren proiektua Galdakaon eta horrek, nagusitasuna eskaintzearekin batera, aise gobernatzeko aukera emango dio Hernandoren taldeari. Hala ere, gehiengo absolutua lortzeko bi zinegotziren faltan geratu da, 11 zinegotzirekin lortzen baita nagusitasun hori.
Alkateak berak BINKEri eskainitako lehenengo hitzetan, aurreko Udal Gobernuko kideekin «lanean jarraitzeko prest» dagoela adierazi du: «Bihar bertan orain artekoakaz hitz egiten jarriko gara, orain arteko bidearen balorazio positiboa egiten dodalako». Orain arteko bazkide horietatik Podemosek ez du datorren legegintzaldian Galdakaoko udalbatzan jarraituko.
EH Bilduk bederatzi zinegotzi izango ditu, EAJk sei, eta bina zinegotzi PSE-EEk, Usansolo Herriak eta Auzoak plataformak.
Osatu udal-hauteskundeetako informazioa
Hauteskunde-egunaren zuzeneko jarraipena eta datu zein grafiko guztiak eskura daude Binkeren atal berezian.