Irailaren 2an itzuliko dira pentsiodunen asteleheneroko elkarretaratzeak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Manur Terradi
Aste honetan ere Galdakaoko pentsiodunak batu ziren Kurtzeko plazan, duela sei urtetik astelehenero egiten duten moduan, «hobekuntza nabariak» eskatzeko. Ikasturte honetako azken elkarretaratzea izan zen eta irailaren 2an itzuliko dira.
Galdakaoko pentsiodunak «hobekuntza nabariak» eskatzeko mobilizazioekin jarraitzen dute. Urtarrilean sei urte bete ziren Kurtzeko plazan batzen hasi zirenetik eta ordutik aldarrikapen berdinarekin jarraitzen dute: «pentsio duinak».
Aste honetan ere elkarretaratzea egin zuten, astelehenero egiten duten moduan, eta honetan Espainiako Gobernuak azkenaldian egindako hobekuntzak «ez direla nahikoak» gogorarazi zuten.
Ikasturteko azken mobilizazioa izan zen astelehenekoa eta iragarri zutenez, irailaren 2an itzuliko dira Kurtzeko plazara.
Ostean, irailaren 19an, 12:00etan, manifestazio handi bat egingo dute «Osakidetza eta haren atzerapenak gogorarazteko».