‘Itoiz. Udako sesioak’ dokumentala ikusteko aukera izango da Galdakaon domekan eta astelehenean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Juan Luis Markaida
Azaroan Zinebin estreinatu ostean, Itoiz taldearen jatorriari buruzko ‘Itoiz. Udako sesioak’ dokumentala zineman aretoetara heldu da. Galdakaon domekan eta astelehenean izango da filma ikusteko aukera, Torrezabalen.
Euskal musikan 70eko eta 80eko hamarkadetan erreferente izan zen Itoiz taldearen inguruko ‘Itoiz. Udako sesioak’ dokumentala azaroan estreinatu zen Zinebi jaialdian eta horren ostean, Euskal Herriko zinema aretoetara heldu da.
Galdakaon domekan, urtarrilak 26, eta astelehenean izango da dokumentala ikusteko aukera, 20:15ean eta 20:00etan hurrenez hurren. Saioak Torrezabal Kultur Etxean izango dira eta sarrerak eskuragai daude ohiko webgunean.
Dokumentalean Juan Carlos Perez taldearen lider mitikoa gogoeta sakon batean murgilduko da argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Musikariak alde batera utzi nahi izan ditu taldeak momenturik gorenean pop estilora eman zuen aldaketa, eta ostean desegin izana. Perezek bidaia katartiko bat hasiko du lanean, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona.