Itxura aldaketa, hazten jarraitzeko
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
AEK 1976an hasi zen Galdakaon euskara eskolak eskaintzen. Hasieran etxeetan egiten zuen eta 1985etik gaur egun arte Barandiaran kaleko lokalean egiten du. Irailean hau hobetzeko lanak hasi ziuzten eta hauen egoeraren inguruan hitz egin du BINKEk Galdakaoko AEK-ko arduradunekin.
AEK 1976an hasi zen Urretako eskoletan euskara eskolak ematen. Beranduago, 1982an, Plazakoetxeko txaletetara joan ziren eta handik urte batzuetara lekuz aldatu behar izan zuten bertan sortu berri zegoen udal euskaltegia ezarri zedin. Aldaketa hau 1985ean izan zen, eta ordutik hona Barandiaran 8 kaleko lokalean eskaintzen dituzte eskolak.
Udal lokala izanik, hainbat konponketa egin dituzte urte hauetan zehar, besteak beste, komuneko baldosak, leihoak, eta lurra aldatu, pintatu… AEK-k ere beste hainbat egin izan ditu bere kabuz, hala nola, elektrizitate azpiegitura aldatu, eta alarma sistema ezarri.
Lokalak ordea eraberritzeko beharra zuen eta egiteko honetarako obrak hasi zituzten irailean. Lau hilabeteko obra izatea aurreikusi dute arduradunek, hortaz, urte berriarekin batera bere lokalera bueltatzea espero dute Galdakaoko AEK-ko zuzendaritzatik.
Behin-behineko lokala. Obrek irauten duten bitartean behin-behineko lokal bat alokatu du AEK-k Zubiaurretarren 7 kalean. «Hainbat aukera aztertu ondoren, horra joatea ebatzi genuen. Betiko euskaltegitik oso hurbil dago eta horrek asko errazten digu denetarako», azaldu dio BINKEri euskaltegiaren zuzendari eta irakasle den Janire Egañak.
«Egia da lan handia ekarri digula batetik bestera ibiltzeak, tarteko lokala bilatzeak eta lokal hori txukundu, ondo garbitu eta pintatze lanak egin behar izateak. Dena dela, pozik gaude, emaitza onak ekarri ditu egindako lanak», nabarmendu du.
Usansolon ere. Guztira zazpi talde osatu dituzte aurten. Goizez hiru talde dituzte B1, B2 eta C1 mailetan eta arratsaldez aldiz lau A2, B1, B2 eta C1 mailetan. Gainera, hainbat ikasle dituzte autoikaskuntzan murgilduta.
Bestalde, Usansolon B1-eko talde bat osatu dute aurten eta bigarren talde bat ia sortzeke dago C1 mailan. «Pozik gaude Usansolon eskolak ematearekin. Urteak eman ditugu bertan lanean sortu nahian, eta aurten aukera ireki da», adierazi du Egaña irakasleak.
Ikasle kopuruari dagokionez, aurreko urtearen antzeko datuekin dabiltza. Abendutik aurrera ikasle gehiago etorriko direla uste dute, «urteroko joera horixe izan baita». «Dena dela, ikasle kopurua garrantzitsua den arren, guretzako benetako erronka euskara zabaltzea, maitatzea eta erabileran eragitea da», azpimarratu du.
Emakumeak nagusi. Gizon eta emakume kopuru antzekoa ari dira euskara ikasten Galdakaoko AEK-ren euskaltegian, emakumea nagusi izaten jarraitzen duen arren, historikoki gertatu den moduan.
Hizkuntza ikasteko arrazoiak anitzak dira baina azken urteotan titulu bila doazenak gailentzen ari direla azaldu dute AEK-tik. «Dena dela, aipatzekoa da euskara erabiltzeko ikasi nahi dutenak ere badatozkigula, esate baterako seme-alabekin hitz egiteko euskara hobea egin nahi dutenak», adierazi du Egañak. «Esan beharra dago duela urte batzuk euskara ikasi eta erabiltzeko motibazioz gehiago zirela, gaurko egoerarekin alderatzen badugu. Hala ere, hizkuntza maite dutenak ere hortxe ditugu. Oro har, euskara hurbil sentitzen duten asko eta euskara ikastea maite duten ikasle asko ditugu», azaldu du.
Gero eta gazte gehiago. Barandiaran euskaltegiko ikasleen adin tartea 17 urtetik 75era bitartekoa. Gehienak 30-50 bitartekoak dira baina aurten Eusko Jaurlaritzak zabaldutako diru-laguntza lerro berriari esker 16-18 urtekoak animatu dira; izan ere, adin tarte honetakoak C1 maila egiteko 20 euro baino ez dute ordaindu behar. «Euskaltegi guztiontzako gauza ona da, izan ere, gazteak euskarara erakartzeko aukera ematen digu. Hurbilduko ahal ditugu gazteak euskara maitatzera!», azaldu dute AEK-tik.
Gazteekin eta baita helduekin ere AEK-k egiten duen lanaren garrantzia azpimarratu du Egañak: «Elkarlanean aritzen gara beste hainbat erakunde, talde eta eragilerekin, nazio mailan zein herri mailan. Euskara ikasteak baino euskararen erabilerak axola digu. Tituluak ondo daude, besteak beste, lanerako ateak irekitzen baituzte, baina hizkuntza bizi baterantzako bidea egiten bada, askoz hobe. Gure hizkuntza izate bizi gisa tratatzea ezinbestekoa da, benetan bizirik egotea nahi badugu».Galdakaon zehazki, «lan eraginkorra egin beharra dugu euskara gehiago eta gehiagotan entzun nahi badugu». •