Itziar Atienza Malagako zinema jaialdian dabil epaimahaikide
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Itziar Atienzak bidalitakoa
Itziar Atienza galdakoztarra epaimahaikide dabil egunotan Malagako zinema festibalean. Aktoreak Zonazine ataleko saridunak aukeratuko ditu Ernesto Daranas eta Luisa Mayolekin batera.
Malagako zinema jaialdia 1988an jaio zen eta aurten 27. edizioa antolatu dute. Martxoaren 1n hasi zen eta 10ean bukatuko da, eta hainbat profesional batuko dira Andaluziako hirian jaialdian parte hartzeko.
Jaialdiaren baitan hainbat pelikulek lehiatuko du kategoria ezberdinetan, tartean Zonazine izenekoan. Honetan, Itziar Atienza galdakoztarra dabil aurten epaimahakide, Ernesto Daranas eta Luisa Mayolekin batera.
Atienzak BINKEri azaldu dionez, Zonazine atalean zazpi pelikulek hartzen dute parte, «zinema autoralekoak». Jaialdiaren webgunean ezagutu daitezke zazpi hauei buruzko xehetasun gehiago, eta zapatuan, martxoak 9, emango dute ezagutzera irabazlea.
Aktore galdakoztarrak «ilusio handiz» jaso zuen Malagan epaimahaikide izateko proposamena: «Aurretik laburmetraien jaialdietan izan naiz epaimahaikide baina pelikula luzeen kasuan, egiten dudan lehen aldia da hau. Oso pozik nago, Malagako jaialdia berezia da».