Itziar Atienzak Disney Plus plataformaren ‘Largas sombras’ telesailean parte hartu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Disney Plus
Disney Plus plataformak Clara Roquet zuzendariaren ‘Largas sombras’ telesailaren grabaketa amaitu duela iragarri du. Proiektuan hainbat aktore ezagun ikusi daitezke, haien artean Marta Etura, Elena Anaya, Belén Cuesta eta Irene Escolar. Itziar Atienza galdakoztarrak ere parte hartu du telesailean.
Azkenaldian proiektu askotan parte hartzen ari da Itziar Atienza aktore galdakoztarra. Besteak beste, orain emititzen ari diren ‘Montecristo’ eta ‘Los pacientes del Doctor García’ telesailetan aritu da artista.
Halaber, ‘Entrevías’-en hirugarren eta laugarren denboraldiak grabatzen ari dira. Azken proiektu honekin «adin guztietako publikora heltzea» lortu dutela aitortu zion Binkeri. Elkarrizketa honetan beste lan baten inguruan hitz egin zuen Atienzak, xehetasunik eman ezin zuen arren.
Orain ordea Disney Plusek iragarri du Atienzak grabaketak amaitu berri dituen ‘Largas sombras’ telesailean parte hartu duela. «Gutxi barru» estreinatuko dute eta lagunak diren emakume talde baten inguruan aritzen da.
Zehazki, Elia Barcelóren izen bereko eleberrian inspiratua, hogei urte lehenago Mallorcara egindako ikasturte amaierako bidaian desagertu zen institutuko kide baten gorpuzkiak agertzeak bat-batean astindu dituen emakume talde baten istorioa azaltzen du.
Atienzaz gain, hainbat aktore ezagun aritu dira lan honetan Clara Roqueten zuzendaritzapean, hala nola, Marta Etura, Elena Anaya, Belén Cuesta eta Irene Escolar.