Jazarpena sufritzen ari direla salatu dute Urreta ikastetxeko jantokiko langileek
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Pixelshot
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako menuak zeresana ematen ari dira azken aldian, eta modu txarrean eman ere. Jakiak egoera desegokian hornitzen zituen Serunion enpresari Eusko Jaurlaritzak kontratua eten berritan, astelehenean Urreta eta Egia ikastetxeko azaloreetan zomorro txiki-txikiak agertu ziren. Horren aurrean, Urretako jangelako langileek jazarpena eta gezurrak sufritzen ari direla salatu dute, gurasoen aldetik.
Astelehenean, hilaren 5ean, zomorro txiki batzuk agertu ziren Urreta eta Egia eskola publikoko azaloreetan, Ausolan enpresak hornitutako jakietan. Ondorioz, eta aurretik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait eskoletako jantoki-zerbitzuetan sortutako iskanbilaren ostean, hautsak harrotu ditu Galdakaoko Urreta eta Egia ikastetxeetan gertatutakoak.
Aldiz, desberdintasun nabarmen bat dago bi ikastetxe galdakoztarren artean: Egia ikastetxeko azaloreak ez ziren ikasleen plateretara iritsi, eta Urreta ikastetxekoak bai. Eta hortxe dator arazoa. Bada, Urretako lehenengo eraikineko zenbait gurasok jantokiko langileei leporatu diote zomorro txiki horiek ikasleen platerera iritsi izanaren ardura.
Ardura horri ez diote bizkarra eman jantokiko arduradunek, «nahiz eta agertutako zomorroak txikiegiak izan eta behin azalorea kontsumitzeko apurtuta agertu —eta ez zerbitzatzerako orduan—», BINKEri esan diotenaren arabera. Baina hedabide honi berari irmoki adierazi diotenaren arabera, «ez dugu onartuko gure burua zapaltzera etortzea, gezurrekin eta guri guzti honek bost ardura baligu bezala».
Horren aurrean adierazpen bat ere bidali diote BINKEri, inongo sindikaturen sinadura barik, Urretako Guraso Elkarteari jazarpen horren ardura leporatuz.
Bi puntuko adierazpen horretan elkarte honetako bi guraso aipatu dituzte lehenik, komunikabideetan atzo zuzenean agertu baitziren gertatutakoaren erantzukizuna jantokiko langileetan jarriz: «Ikastetxe honetako Guraso Elkarteko bi kidek jangelako langileen aurka egindako adierazpenak onartezinak dira». Langileek, gainera, ikasleak azalorea jatera derrigortu zituztela omen diote gurasoek, eta baieztapen hori gezurra dela diote jantoki-zerbitzuko langileek.
Bigarren puntuan berriz, Urretan gertatutakoa «jangelen egungo ereduaren isla baino ez» direla diote arduradunek, eta horren «arduradun bakarra» Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila dela azpimarratu.
Guzti horregatik, Urreta HLHI ikastetxeko jangelako langileek, euren kontra egindako «salaketa larriak publikoki zuzentzeko» exijitu diote Guraso Elkarteari —IGE edo gaztelaniaz AMPA akronimoz ezaguna den horri—.
Bihar bilera dute elkarren artean. Bien bitartean, kasu honen harira atzo BINKEk argitaratutako albistean iragarri bezala, Hezkuntza Saila gertatutakoa ikertzen ari da.