Jone Ibañez futbolari galdakoztarrak ez du Eibarren jarraituko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jone Ibañezen sareetatik
Jone Ibañez futbolari galdakoztarrak ez du Eibarren jarraituko, klubarekin kontratua eteteko akordioa adostu ostean. Guztira 28 partida jokatu ditu armaginekin eta pasa den denboraldian Eibarren lehen mailarako igoeran parte hartu zuen.
Jone Ibañez galdakoztarrak ez du Eibar taldean jarraituko, klubarekin kontratua eteteko akordia adostu ostean. Futbolaria armaginek joan den denboraldian egindako lehen fitxaketa izan zen, Deportivo Abancatik zetorrela. Aurretik Athleticen ere aritu zen hainbat urtez.
Guztira 28 partida jokatu ditu Ibañezek Eibarren, bi gol sartuz eta pasa den denboraldian armaginek lortutako lehen mailarako igoeran parte hartuz.
Eibarrek erakutsitako profesionaltasuna eta egindako lana eskertu dizkio galdakoztarrari eta jokalariak bere aldetik zaleei eskerrak eman dizkie emandako babesagatik.
Ibañezek agurraren arrazoiak azaldu ditu bere sareetan, sufritutakoa azpimarratuz: «Gogorra da ondo sentiarazten ez zaituzten ekintzak jasatea eta bilera batean entzutea egiten duzuna egiten duzula jolasteko aukerarik izango ez duzula».
«Nire ongizate pertsonalean pentsatuz, ez jarraitzea erabaki dut», adierazi du. Oraindik ez du bere etorkizunaren berri eman.