Jose Mari Villa galdakoztarra MIReko bosgarrena izan da
Medikuntza
BINKE / 2022ko otsaila
Jose Mari Villa galdakoztarra MIReko bosgarrena izan da
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Jose Mari Villa
Jose Mari Villa González galdakoztarrak Barneko Mediku Egoilarra –BAME, MIR gaztelaniaz– azterketako bosgarren postua lortu du espainiar estatu mailan, aurten urtarrileko deialdian aurkeztu diren 13.000 ikasleen artetik. Binkek berarekin hitz egiteko aukera izan du.
Ekainetik urtarrilera arte egon dira medikuntzako zein osasun saileko beste ikasketetako ikasleak haien «bizitzako azterketarik garrantzitsuenetarikoa» prestatzen. Baina ez dira zazpi hilabete horiek bakarrik izan, Jose Mari Villak (Galdakao, 1997) «maratoi luze baten azkenengo esprint luzea» izan dela dio, eta graduko seigarren urtetik azterketa honetan pentsatzea oso gogorra izan dela.
Urtarrilaren 29an izan zen deialdia eta galdakoztarrak «denok moduan, guztiz urduri» zegoela onartu dio Binkeri. Azterketatik «sentsazio arraroarekin» irten zen, kontzeptu berri asko zeudelako, baina orain «super pozik» dagoela dio, ez zuelako inola ere espero 13.000 pertsona baino gehiagoren artean bosgarren postua berak lortuko zuenik. Harrituta jaso zuen notizia eta honek «itzelezko aukera» ematen diola adierazi du, «nahi duena egin ahal izateko». «Zenbakia bera ez da inportantea, inportanteena gura duzuna egin ahal izatea da», azpimarratu dio Villak hedabide honi.
«Nire ama dermatologa da eta etxean oso hurbiletik ezagutu ahal izan dut espezialitate hau» esan dio Jose Marik Binkeri, Dermatologia bere aukerarik gustokoena dela onartuz. Hala ere, ez ditu kanpoan uzten Kardiologia eta Nefrologia, praktiketan zehar landu ostean asko gustatzen zaizkiolako. Medikuen artean hazi da, beraz, hortik datorkio medikuntzara dedikatzeko bokazioa.