Joseba Loroño Espainiako hirugarren, medikuen txirrindulari lasterketan
Kirola
BINKE / 2022ko maiatza
Joseba Loroño Espainiako hirugarren, medikuen txirrindulari lasterketan
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Joseba Loroñoren sareetatik
Gaur astebete, zapatuz, antolatu zen Abraham Olano zuzendari duen Espainiako medikuen txirrindularitzako lasterketa ofiziala. Bertan hartu zuen parte Joseba Loroño galdakoztarrak, eta hirugarren postua lortu zuen bere kategorian.
Maiatzaren 21ean antolatu zen Espainiako medikuen txirrindularitza lasterketa, Abraham Olano txirrindulari profesional ohia eta munduko txapeldun izandakoa zuzendari duena. Bertan Joseba Loroño galdakoztarrak hartu zuen parte, eta hirugarren postua eskuratu zuen bere kategorian.
Donostian antolatu da aurten Espainiako medikuen txirrindularitza lasterketaren 13. edizioa, 55 kilometroko distantziarekin, 1.523 metroko igoerarekin eta 1.212 metroko jaitsierarekin. Lasterketak Igeldo, Orio, Aia eta Usurbileko inguruak izan zituen protagonista, eta «oso lasterketa gogorra» izan zela aitortu dio Loroño parte-hartzaile galdakoztarrak Binkeri.
Dentista galdakoztarraren bigarren parte hartzea izan zen osasun langileentzat urtero antolatzen den proba honetan, eta brontzea ekarri zuen Galdakaora. Guztira 200 kirolari izan dira aurten protagonista, eta Loroñoren kategoria (+60) izan da jendetsuena, 50 pertsonarekin.
Ordu bete eta 53 minutu behar izan zituen Joseba Loroñok lasterketa guztia burutzeko eta 29 kilometro orduko bataz besteko abiadura lortu zuen proba guztian zehar. Aurretik geratu ziren lehenengo postuan Ciudad Realeko Francisco Gómez Díaz de la Rosa eta bigarrenean Alakanteko José Erades García.