Joseba Loroño: «Nire lehen Ironman proba egitea egia bihurtutako ametsa izan da»

Argazkia: Joseba Loroñok BINKEri bidalitakoa.

Joseba Loroño galdakoztarrak Ironman proban debuta egin zuen Gasteizen pasa den domekan, 67 urterekin. Galdakoztarrarekin hitz egin dugu esperientzia gogor eta berezi horretaz.

Adina ez da oztopo Joseba Loroñorentzat, alderantziz. 67 urterekin, galdakoztarrak bere lehen Ironman proba egin du, berarentzat «oso berezia» izan dena.

Loroñok domekan egin zuen debuta proba horretan, Gasteizen, hainbat hilabetez horretarako prestatzen aritu ondoren. «Triatloietan aritzen naiz, eta 2019an Nizako Mundialerako sailkatu nintzen. Ondoren beste proba asko egin ditut eta iaz Gasteizko Ironmana ikusita, aurten izena ematea erabaki dut», azaldu dio galdakoztarrak BINKEri.

«Nire ilusioa Ironman bat entrenatzeko gai ote nintzen eta gorputzak entrenamenduak barneratzen ote zituen jakitea zen», nabarmendu du Loroñok, helburua proba amaitzea zela adieraziz.

Eta lortu zuen: «Argi neukan proba hau oso berezia eta gogorra izango zela, askoz gehiago izan genituen baldintza klimatologikoak kontuan hartuz. Gasteizeko Ironmana askotan egin duten kirolariek historiako gogorrena izan dela esan dute, haize bola handiak eta 38 gradu inguruko tenperatura zeudelako».

Parte-hartzaileek 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletaz eta 42,2 kilometro korrika egin behar izan zituzten, baina Loroñorentzat gogorrena «burua da»: «Gasteizera 16:30ak aldera bizikletaz iristean burutik pasa zitzaidan alde egitea. Baldintza horietan eta 38 gradurekin maratoi bat egitea ez nuen argi ikusten. Baina helmugara iritsi eta nire familia ikustean, arropaz aldatu eta korrika egitera irtetea erabaki nuen. Familiaren laguntzarekin, maratoiko 42,195 kilometroak egin nituen, eta proba amaitu nuen».

«Helmugara iristea sinestezina izan zen, benetako ametsa! Gaur egun ezin dut proba egin izana barneratu. Triatleta bezala ibilbide bat borobiltzea dela uste dut, egia bihurtutako ametsa!», aitortu du, bidean familia funtsezkoa izan dela azpimarratuz: «Irune nire emaztea eta biok oso urduri geunden aurreko egunetan. Baina probaren egunean beti egiten duten bezala, bera eta nire bi semeak une oro egon ziren animatzen eta lasaitzen. Argi daukat haiek gabe ez zela posible izango proba hau amaitzea eta, batez ere, hain ondo amaitzea».

Hurrengo erronkei begira, triatloiak egiten jarraitu nahi du, eta «nork daki, agian proba hau errepikatu dezaket hiru urte barru, 70 urterekin. Aurten ez da kategoria horretako inor egon!».

situs togel

situs toto