Josemi Olazabalaga sukaldari galdakoztarra bueltan da Andra Mari jatetxera
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Maika Salguero, El Correo
Bere bizileku eta sorterrira lanera itzuli da Josemi Olazabalaga sukaldari galdakoztarra: aurrerantzean Andra Mari jatetxean arituko da, Aizian jatetxea itxi eta Kanala Beach proiektu berria martxan jarri ostean.
Bere «bihotzeko jatetxera» itzuli da Josemi Olazabalaga goi-mailako sukaldari galdakoztarra, 1993an arrakastara eraman zuen bere sorterri bereko Andra Mari jatetxera. Bere sorterri eta betiko bizilekura itzuli da, Galdakaora, baina baita bere ibilbide profesionaleko jatorrietara ere, 1986an Goizeko Kabi jatetxe bilbotarrean sukaldari hasi bazen ere, Andra Mari jatetxe galdakoztarrarekin izan duen lotura 1993tik banaezina izan delako.
Andra Marin Roberto Asua bere bazkidea ezagutu zuen, eta berarekin ireki zuen Aizian Bilboko hotel ezagun bateko jatetxea izan zena bi hamarkadatan, 2023ko abenduan hoteleko jabeek kontratua bukatutzat eman zuten arte —halaxe kontatu zuen BINKEk jatetxea itxi baino aste batzuk lehenago—.
Horren ostean, aurtengo udaberrian Kanala Beach proiektua abian jarri zuen Olazabalagak, Laida hondartzaren ondoan, BINKEk argitaratu zuen moduan. Proiektu berri honetan arrozak izan zituen protagonista, eta hala izaten jarraitzeko asmoa du Urdaibaiko jatetxe honek. Baina aurrerantzean Josemi barik egin beharko du, sukaldari galdakoztarrak ezin izan baitzion Roberto Asuaren proposamenari entzungor egin.
Zuriñe García sukaldari galdakoztarrak jatetxeko lana 2021eko abenduan utzi zuenez geroztik, Jerónimo Pena izan da 2024ko uztailaren 1era arte Andra Mariko sukaldari burua. Baina Penak ere jatetxea utzi du. Horregatik, Andra Mariko jabea izaten jarraitzen duen Asuak ez zuen bi aldiz pentsatu eta Olazabalaga deitu zuen. Eta honek, onartu: «beti egon naiz Andra Marirekin bat eginda eta itzultzeko aukera izan dudanean, eta ezin izan diot ihes egin».
Horrela ba, aurrerantzean galdakoztar batek gidatuko du Galdakaoko jatetxerik ezagunenetakoa, 1986an bere lehenengo Michelin izarra ezagutu zuen Andra Mari. Baltasar egungo sukaldariaren sormenarekin batera, Asuak Olazabalagaren «esperientzia, jenialtasuna eta sukaldaritzako altxorrak» baliatu nahi ditu, bai plater berriak asmatzeko, bai 80ko eta 90eko hamarkadetan arrakasta izan zuten beste batzuk «berraurkitzeko».
Josemi Olazabalagaren lana berriz, «denboraldi bakoitzean platerak eta karta hobetzea izango da, bisitatzen gaituzten bakoitzean gure bezeroek gozatzen jarrai dezaten».