Juan Bautista Uriarte eta beste kale batzuk eten eta moztuko dituzte jaietan zehar
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Google Earth
Santakurtzak ordu gutxi barru hasiko dira, eta datozen egunetan zehar, ibilgailuentzako errepide mozketa ezberdinak egongo dira egitarauaren ondorioz. Hemen batu ditu Binkek jakin beharrekoak.
Gaur arratsaldean hasiko dira Galdakaoko Santakurtzak, eta horrek hainbat kaleren eten eta mozketa ekarriko ditu herrira hurrengo egunetan, egitaraua dela eta. Ekintza ezberdinez osatutako programa dute aurtengo jaiek, horietako batzuk gune zehatzetan ospatzen dira beti eta beste batzuk jende pilaketa suposatuko dute. Honen ondorioz, jaiak «ahalik eta modurik erosoenean gozatzeko» eta «herritar guztien segurtasuna bermatzeko», kale nagusiaz gain beste kale batzuk ere jasango dituzte mozketak.
Hauek dira ibilgailuengan eragina izango duten etenak:
- Irailaren 9ko —barikua— 19:00etatik irailaren 11ko —domeka— 10:00ak bitartean ibilgailuentzat itxita egongo da Gipuzkoa kalea.
- Irailak 9, barikua, Juan Bautista Uriarte kalea itxita egongo da Bizkai kaleko 5. zenbakira arte, jaietako desfilea dela eta; 18:30etik 20:45 ingurura arte.
- Irailak 10, zapatua, hainbat etenaldi izango dira Juan Bautista Uriarte kalean, ordu tarte hauetan:
- 09:30etik 10:30 aldera
- 13:00etatik 14:00ak aldera
- 16:30etik 18:30 ingurura
- Irailak 11, domeka, Juan Bautista Uriarte kalean Bizkai kaleko 5. zenbakira arte, Elexalde auzoan eta N-634 errepidetik Zabalganera Abusutik heltzeko sarreran izango da mozketa; 14:30etik 18:30 aldera arte.
- Irailak 14, eguaztena, Juan Bautista Uriarte kalean; 11:00etatik 11:30 ingurura arte.