Kamerino Teatro konpainiak ‘La felicidad no está en los mapas’ obra eskainiko du Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kamerino Teatro
Galdakaoko antzerki afizionatuaren jardunaldien barruan, Kamerino Teatro konpainiak ‘La felicidad no está en los mapas’ antzezlana eskainiko du bihar. Saioa Torrezabal Kultur Etxean izango da eta sarrerak eskuragai daude.
Torrezabal Kultur Etxeak Galdakaoko antzerki afizionatuaren hogeita hirugarren edizioa hartu du egunotan. Hiru konpainia aritu dira jada Galdakaoko oholtzan eta bihar Kamerino Teatro taldearen txanda izango da.
Konpainiak ‘La felicidad no está en los mapas’ antzezlana aurkeztuko du Torrezabalen, 19:00etan. Sarrerak eskuragai daude aretoan eta webgunean, 2 eta 3 euro arteko prezioan.
Obra honetan Kamerino Teatrok zoriontasunaren bilaketari buruz hausnartzen du.«Pertsonaia bakoitzaren idiosinkrasiatik, testuak ñabardura poetiko eta filosofikoak banatzen ditu, belo komiko batez estalita, eta uste baino errealagoa den halako errealismo magiko bat ikusten dugu», azaldu dute Udaletik.
Gorka Álvarez, Maider Andrés, Miren Bikandi, Eli Bilbao, Nora Busturia, Emma Hierro eta Lucía Martín dira aktoreak, Yolanda Bustilloren zuzendaritzapean.