Kamioi batek emakume bat harrapatu du Galdakaoko kale nagusian
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakao erdigunean elikagaien banaketa-lanak egiten ibili den kamioi handi batek adineko emakume bat harrapatu du Juan Bautista Uriarte kaleko bidegurutze batetik gurutzatzen zebilenean. BINKEren webgunean batu dugu hedabide honek jasotako informazioa.
Eguazteneko goiz erdian, 11:00 aldera, elikagaien kamioi handi batek adineko emakume bat harrapatu du Juan Bautista Uriarte kale nagusi galdakoztarrean, eta ezbeharraren ondorioz errepidea ordubete inguru izan du Udaltzaingoak itxita.
Anbulantzia bi gerturatu dira harrapatzea pairatu duen emakumea artatzera, eta Usansoloko ospitalera eraman behar izan dute. Lehenengo balorazio arin baten arabera, ez du ematen emakumeari ezer larririk gertatu zaionik.
Harrapatzea eragin duen kamioia inguruko merkatuetan banatzen ibili da, eta Euskadi kaletik sartu da Juan Bautista Uriarte kalera, Kurtzeko plazaren noranzkoan. Harrapatutako emakumea laguntzera dozenaka lagun batu dira, zenbait lekukok BINKEri azaldu diotenaren arabera, eta osteko orduan ere asko izan dira kuxkuxean inguruan ibili diren herrikideak.