Kaserna talde galdakoztarra Rockein lehiaketako finalean arituko da zapatuan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Mirene Gonzalez, Kaserna taldea
Zapatu honetan, hilak 19, Basauriko Rockein lehiaketaren finala antolatuko da bi kategoriatan banatuta. Beste bi talderekin batera, tokiko artistarik onenaren kategorian lehiatzera Kaserna talde galdakoztarra iritsi da. Zorte on, ekipo!
Basauriko Rockein lehiaketak musikari bakarlari eta taldeak hartzen ditu berean. Hego Euskal Herriko musika proiektuak promozionatu eta saritu nahi dituen jaialdia da Rockein, Basauriko Udalak urtero antolatzen duena Galdakaoko, Arrigorriagako eta Laudioko udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Aurtengo edizioaren finala zapatuan, azaroaren 19an, antolatuko da Basauriko Social Antzokian 21:00etan hasita, doako sarrerarekin. Eta finalerako kategoria bi bereiztuko dira: kategoria nagusia eta toktiko artistarik onenaren kategoria. Kategoria bakoitzean hiru talde lehiatuko dira finalean, eta aipatutako azken kategorian Kaserna talde galdakoztarra arituko da. Kategoria honetan lehiatuko diren beste bi taldeak Erein eta Pelícanos taldeak izango dira.
Binkek iazko martxoan argitaratu bezala, «Gelditu da denbora» diska kaleratu zuen 2021eko martxoaren 17an musikari talde honek, zortzi kantez osatutako euren lehenengo diska. Orain, lehiaketa honetako finalera iritsita, taldearen etorkizunerako jauzi garrantzitsu bat eman dezake Kasernak.
Hauek dira saridunek irabaz ditzaketen sariak:
Talde irabazlea
- EP profesional bat —gutxienez bost abesti— grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
- EParen 500 kopia editatzea, CD euskarrian.
- Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea.
Tokiko talderik onena
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea.
Euskarazko talderik onena
- Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea.
Eskarabilera saria
- MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea.