
Kirol Bonoa astelehenetik eskatu ahal izango da, 10 euro ordainduta 20 euroko balioan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: JoshRock
«Kirola aitzakirik gabe» lemapean, bueltan datoz Kirol Bonoak Galdakaora eta astelehenetik, martxoak 3, aurrera eskuratu ahal izango dira. Hauetako bakoitzarekin, erabiltzaileak 10€ ordainduta 20 euroko balioa duen bonua jasoko du.
Herritarren artean bizimodu osasungarria sustatzeko helburuz, Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak Bono Kirola kanpaina jarri zuten abian duela lau urte. Horren bidez, galdakoztarrek 20 euroko balioa duten bonuak eros ditzakete, 10 euroko prezioan, Galdakaoko kirol zentroetan ea gimnasioetan erabiltzeko.
Aurten ere kanpaina honekin jarraituko dute eta astelehenetik, martxoak 3, 09:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira bonuak Udalaren webgunean. 65 urtetik gorakoek bonuak aurrez aurre erosteko aukera izango dute Gu Dendariren bulegoan, Muguru plazan, 09:00etatik 14:00etarako ordutegian.
Pertsona bakoitzak, gehienez, hamabi bonu eskuratu ahal izango ditu eta bakoitzak hilabete bat adierazten du. Bonuak martxoaren 31ra arte izango dute balioa ordainbide gisa, eta kreditu txartelarekin bakarrik ordaindu ahal izango dira.
