Kirol Bonoa urriaren 3tik eskatu ahal izango da, 10€ ordaindu eta 20 eurotan inbertitzeko
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Charnchai, Copyleft
«Herritarren artean kirola sustatzeko eta udalerriko kirol zentroei bultzada emoteko» helburuarekin bueltan datoz Kirol Bonuak Galdakaora. Hauetariko bakoitzarekin, erabiltzaileak 10€ ordainduta 20 euroko balioa duen bonua jasoko du.
Herriko gimnasio eta kirol zentroetan erabiltzeko bonoak kaleratuko dituzte urriaren 3tik aurrera Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak. «Aurten, kirola aitzakiarik gabe!» lemapean «herritarren artean kirola egiteko ohitura sustatzeko eta udalerriko kirol zentroei bultzada emoteko» helburuarekin 5.000 bonu jarriko dituzte herritarren eskura.
Bonuak Gu Dendari elkarteko bulegoetan eskuratu ahal izango dira, gehienez urriaren 31ra bitarte:
- Muguru parkean, astelehenetik barikura 10:00etatik 14:00etara bitarte, eta martitzenetan 16:00etatik 20:00etara bitarte.
- Usansolon, Oletxe kaleko 19. zenbakian, eguenetan 16:00etatik 20:00etara bitartean.
Bonu hauek kanpainara atxikitako udalerriko zentroetan erabili ahal izango dira. Erabiltzaileak 10 euro ordaindu, eta trukean 20 euroko balioa duen bonua jasoko du aipatutako bulegoetan. Pertsona bakoitzak, gehienez, lau bonu eskuratu ahal izango ditu eta azaroaren 30era arte erabili ahalko ditu.
Bigarrenez datorren kanpaina honekin erabiltzaileak deskontu nabarmena jasoko du baina kirol zentroek bere osotasuna kobratuko dute, diferentzia hori Udalak ordainduko baitio zentroari.