Kirol instalazioetan hobekuntzak egiten jarraitzen du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak, «egunero osasunez bizitzeko» ardatz estrategikoan lanean jarraitzen du eta honen baitan hobekuntzak egin ditu herriko zenbait kirol instalazioetan udan zehar. Hemen batu ditugu hobekuntza guztiak.
Herriko eskaintza hobetu eta handitzeko helburuz, Galdakaoko Udalak hobekuntzak egin ditu herriko zenbait kirol instalazioetan udan zehar. Lan hauek «egunero osasunez bizitzeko» ardatz estrategikoaren baitan kokatzen dira Udalak ezagutzera eman duenez.
Zehazki, hauek izan dira kirol arloak bultzatutako hobekuntzak eta lanak:
- Urretako igerilekuko podium berriak, lehiaketarako egokiak: 700mm-ko altuerako 4 podium dira, altzairu herdoilgaitzez eginak eta indarrean dauden lehiaketa araudiei eta segurtasun arauei jarraiki diseinatuak. Podium horiek beira zuntzezko azalera guztiz irristagaitza eta arauzko inklinazioa dute. Kostua 6.645,32 eurokoa izan da.
- Tenis pistaren soropila konpondu eta margotu dira, eta sarea eta zutoinak berritu: Zuhatzuko tenis pistaren hormigoizko zola konpondu da erresistentzia handiko zoladura batekin, eta kirol erretxinak aplikatu dira labaintzen ez den akabera emateko, retopping izenez ezagutzen den lana. Linea berriak pintatzeaz gain, aisialdirako ekipamendua ere berritu da, sare eta zutoin berriekin. Jardueraren kostu osoa 21.126,6 eurokoa izan da.
- Urretako gimnasioetarako 8 makina aerobiko berri erosi dira: 6 bizikleta estatiko indoor berri erosi dira, eliptiko bat eta korrika egiteko zinta bat. Erosketak egin eta makinak instalatzeko 13.545,95 euro behar izan dira.
- Galdakaoko kalistenia parkea berritu da: Plazakoetxeko parkeko elementuak berritu dira ertz biribileko barra berriekin, sokak eta uztaiak dituzten aparatuetan barrak aldatu dira eta 22 kupula berri jarri dira. Kostua 5.880,6 euro izan da.
Halaber, uztailean Urreta kiroldegia berritzeko eta handitzeko lanak hasi ziren, BINKEk jaso zuen moduan.