‘Km0 Jardunaldi Gastronomikoak’ antolatuko dituzte Galdakaoko Ostalaritza Eskolan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Ostalaritza Eskola
Gertutasuneko eta kalitate egiaztatuko produktura hurbiltzeko jardunaldiak antolatuko dituzte Galdakaoko Ostalaritza Eskolak eta Udalak. Bihartik, urriak 15, eguenera bitarte izango dira eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da.
Bihartik, urriak 15, aurrera eguenera bitarte, ‘Km0 Jardunaldi Gastronomikoak’ hartuko ditu Galdakaoko Ostalaritza Eskolak, eskolak berak eta Galdakaoko Udalak elkarlanean antolatutako ekimena.
Gertutasuneko eta kalitate egiaztatuko produktura hurbiltzeko jardunaldiak izango dira eta parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea gdkbehargintza@gmail.com helbidera idatziz, honako hau adieraziz: izena, abizenak, harremanetarako telefonoa eta establezimendua.
Erakustaldi praktikoak eta lehen mailako lau hizlari izango dira jardunaldietan zehar: Beñat Ormaetxea Jauregibarria jatetxeko eta Palacio Arriluze hoteleko nagusia, Jon Bastante Berrizko Ibarra Baserriko barazki ekoizlea, Jose Pablo Larrea Baserria Km0 kooperatibako bozeramailea eta Gari Rios, Itsasmendi upategiko zuzendari teknikoa.