Kopako finalerdia jokatuko du gaur Urretan Galdakaoko Ibaizabal Saskibaloi Taldeak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ibaizabal Saskibaloi Taldea
Galdakaoko Ibaizabal Saskibaloi Taldeko neskek Lehen Maila Nazionaleko Kopako finalerdia jokatuko dute gaur, urtarrilak 7, San Ignacioren kontra Urreta kiroldegian 18:00etan. Garaipena lortuz gero, bihar Araski edo Loiola Indautxuren aurka arituko dira finalean.
Urreta kiroldegiak saskibaloi hitzordu berezia hartuko du asteburu honetan, emakumezkoen Lehen Maila Nazionaleko Kopa jokatuko dela Galdakaoko gunean. Finalerdiak gaur, urtarrilak 7, jokatuko dira eta finala bihar.
Ibaizabal Saskibaloi Taldea arituko da lehen finalerdian 18:00etan San Ignacioren aurka. Talde galdakoztarrak hamaika partida jokatu ditu ligan orain arte eta horietatik hamar irabazi, lehen postuan dagoela. Honi esker, kopa jolasteko sailkatu dira eta etxean, Urretan, egitea lortu dute. «Urretako gradak beteta ikustea itzela izango litzateke, zaleen laguntzagaz kopa etxean gelditu ahal izateko», diote klubetik.
San Ignacioren aurka garaipena lortuz gero, bihar jokatuko dute finala Ibaizabaleko neskek Urretan 18:15ean. Araski talde gasteiztarra edo Loiola Indautxu bilbotarra izango litzateke bere aurkaria, hauek gaur lehiatuko direla beste finalerdian 16:00etan. Kopa irabazten duen taldeak zuzenean lortuko du F4ean izateko txartela eta honen garailea igoera faserako sailkatuko da.
Klubetik hitzordu hau prestatzeko izan duten laguntza eskertu dute: «Jokalariek, entrenatzaileek, gurasoek, klubeko gaztetxoek… Guztiek parte hartu dute asteburua festa handi bat izateko».