Labeako ospitaleak eta Galdakaoko Udalak elkarlanerako akordioa sinatu zuten
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ospitale inguruko mugikortasun iraunkorra errazteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten ospitaleko zuzendari gerenteak eta Galdakaoko alkateak uztailaren 28an.
Pasa den hilabetean elkarlanerako akordioa sinatzeko elkartu ziren, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Jon Guajardo ospitaleko zuzendari gerentea eta Jose Luis Bernal Galdakaoko Udaleko Enplegu zinegotzia. Hitzarmenaren helburua ospitale inguruko trafikoa arintzea eta honekin batera udalerrian enplegua sustatzea da.
Horretarako, langabezian dauden 12 galdakoztar arituko dira urte erdiz lanean, ospitale inguruko aparkalekuak kudeatzen, herritarrei kotxea uzteko toki libreak bilatzen laguntzen eta intzidentzien berri ematen.
Lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten herritarrei zuzenduta daude «mugikortasun iraunkorreko agente» lanpostu hauek, sei hilabeteko iraupena izango dutenak. Lehenengo ziklorako hautaketa fasea uztailean egin zen eta lanpostua izango duten galdakoztarrek formazioa jaso dute.