Laia Becerraren kartelak iragarriko ditu aurtengo Santakurtzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Laia Becerrak irabazi du aurtengo Santakurtzetako kartel lehiaketa eta gaztearen irudiak iragarriko ditu Galdakaoko jaiak. Guztira 28 kartel aurkeztu dira txapelketara, 19 nagusien kategorian eta 9 haurrenean.
Irailaren 13tik 22ra ospatuko dira Santakurtzak eta urtero moduan, hauek iragartzeko kartel lehiaketa jarri zuen martxan Galdakaoko Udalak. Uztailaren 5era arte aurkeztu ahal izan dira proposamenak eta guztira 28 kartel aurkeztu dira, 9 nagusien kategorian eta 9 haurrenean.
Epaimahaiak Laia Becerra Martinezen kartela aukeratu du irabazle eta honen ‘Mozoilo jaia’ irudia izango da Santakurtzak iragarriko dituena. Epaimahaiak argudiatu duenez,«Santakurtzen izaera ondo islatu du Becerraren proposamenak, Galdakaoko jai nagusietan izaten diren hainbat ekintza batu baititu».
Kolore eta konposizio orekatua ere ikusi du epaimahaiak lan honetan eta Santakurtzen eta bertako parte hartzaileen izaera «ondo» adierazten duela. Ondorioz, txapelketaren lehen saria eman dio Ugao-Miravallesen bizi den Santutxuko artistari eta bere kartela jaia iragartzeaz gain, 1.000 euro irabazi ditu Becerrak.
Bigarren saria beste kanpotar batek eraman du. Alonsotegiko Patricia Ortega Antolinek 400 euroko saria irabazi du, bigarren lekuan geratuta. Sariketako lehen galdakoztarrak ere, Endika Garcia Muñizek, 400 euroko saria eraman du.
Haurren kategoriari dagokionez, 100 euroko bono-saria irabazi dute Malen Goikoetxea Ametzazarrak, Nahia Cardamo Sainzek eta Janire Rios Ortegak.