Lau herritarri aitortza publikoa egin die Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
«Herriaren izena lau haizetara zabaldu dutelako eta bakoitza bere jardunean eredu direlako», aitortza publikoa egin die Galdakaoko Udalak lau herritarri: Iskander Sagarminaga, Andrea de la Hera, Txomin Bustinza eta Eneko Arrieta. Atzo egin zieten omenaldia urriko osoko bilkuraren aurretik.
Urriko osoko bilkura egin zuten atzo udaletxean eta honen aurretik ekitaldia egin zuten lau herritarri aitortza publikoa egiteko: Iskander Sagarminaga, Andrea de la Hera, Txomin Bustinza eta Eneko Arrieta. Udalaren esanetan, herriaren izena lau haizetara zabaldu dutelako eta bakoitza bere jardunean eredu direlako egin diete aitortza.
«Sarritan esan dugu herritarrok egiten dugula herria», adierazi zuen Iñigo Hernando alkateak eskertza ekitaldiari hasiera emateko. Jarraian hauetako bakoitzak bere arloan zabaltzen dituzten baloreak txalotu zituen: «kemena, lana, eskuzabaltasuna, herriarekiko maitasuna edota mugak gainditzeko grina».
Iskander Sagarminagak, BINKEko urriko zenbakiko azala izandako igerilariak, itsas-zeharkaldi luzeetan hainbat lorpen lortu ditu, besteak beste, Mantxako kanala zeharkatu duten bost euskaldunetako bat da.
Andrea de la Hera ere igerilaria da eta pasa den irailean Southwes Tenerife proban irabazlea izan zen, kategoria guztietako azkarrena.
Txomin Buztinza ordea afizioz herriarentzat artisau lanetan aritzen da eta gabonetan bere tailerreko ateak irekitzen ditu. «Asko dira bertan jartzen duen jaiotza bisitatzera eta herriari buruzko bere azalpen jantziak entzutera joaten diren herritarrak», adierazi dute Udaletik.
Azkenik, Eneko Arrietak estatuko eskolarteko txirrindularitza egokituko txapelketa irabazi zuen, BINKEk jaso zuen moduan.
Lau omenduen lana aitortzeko oroigarri bana eman zien alkateak baina Andrea de la Herak ezin izan zuen ekitaldian egon, eta Naroa Uriartek hartu du oparia bere izenean. Laurek aitortza eskertu zuten hunkituta.