Lehenengo hilean 150 lagunek egin dute bat Binkeren WhatsAppeko zerbitzuarekin
TESTUA ETA ARGAZKIA: Erredakzioa
Telegrameko kanal publikoari WhatsApp-etik titular bidez eguneko albisteak mezu bakarrean jasotzeko aukera gehitu zion Binkek orain hilabete. Bada, honezkero, 150 lagunek eskatu dute newsletter zerbitzu honetako mezuak WhatsApp bidez jasotzea.
Informazioaren eta sareen garaian bizi gara, baina baita abiaduraren eta multitasking-aren garaian ere. Gero eta informazio gehiago dugu eskura, zuzenekoa eta nahi beste iturrietatik jasotakoa. Baina gero eta denbora gutxiago dugu askok eta askok sare sozialei begira egoteko. Eta sare sozialen batekin bat egiten duzun unerako, mila eduki galdu dituzu ordurako. Edo, beste barik, ez duzu sare sozialen itsasoan galduta ibili gura.
Bide batean edo bestean izan, akaso, zure informaziorik gertukoena galdu duzu, eta horri konponbidea jartzeko asmoz, Binkek aspalditik eskaintzen duen Telegram kanal publikoari WhatsApp-ekoa gehitu dio.
Desberdintasun bi dituzte doako bi zerbitzu hauek. Telegrameko kanalarekin bat egiterako orduan, albistea Binkek bere sare sozialetan argitaratutako unean bertan jasoko duzu, banan-banan eta modu independenteetan, titularra bere argazki eta sarreratxoarekin.
WhatsApp-en altan ematen duenak aldiz, eguneko albisteen laburpena titularrekin labur-labur jasoko ditu erabiltzaileak mezu bakarrean —sarrera eta argazki barik—, egunero 19:00 eta 22:00 bitartean. Hala ere, albistearen titular bakoitzak bere esteka izango du ondoan, edukia sakonago irakurtzeko aukera eskainiz.
Gaur gaurkoz, WhatsApp-eko zerbitzuak hilabete bete duen honetan, eta jakinik erabiltzaile gehiago direla azken aplikazio honetan Telegramen baino, Telegramen 200 harpidedunetik gora ditu Binkek eta WhatsAppen 150 lagunek egin dute bat honezkero newsletter zerbitzuarekin.