ARGAZKIAK | Lehenengo Triatloi Txikiak 132 partaide batu zituen domekan Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Edu Campo @eduborrowsport
Domekan antolatu zen, lehenengoz Galdakaon, Duatloi Txikiaren senide nagusia izateko asmoz jaio den Triatloi Txikia txapelketa. Eta ondo hasi ere, lau kategoriatan banatuta, 132 gaztetxok hartu zuelako parte Bizkai kalearen bueltan bizikletan, korrika eta igerian eginez.
Lehenengoz antolatu zuen domekan, irailak 25, Galdakaoko Triatloi Txiki txapelketa Triathlon Galdakao kirol elkarteak 132 gazteko parte hartzearekin. Guztira lau kategoriatan banatu ziren eta horren arabera zehaztu ziren irteera orduak ere Bizkai kaletik 10:00 eta 12:00 bitarte.
Duatloi Txikia urtero antolatzen duen talde berak jauzi bat egin eta orain Triatloi Txikia antolatzeko ideia martxan jarri zuen herenegun, domeka, Triathlon Galdakao elkarteak. Modu honetan, bizikletan eta korrika egitearekin batera, parte hartzaileek igerian ere egin behar izan zuten Urreta kiroldegiko igerilekuan. Diziplina bakoitzean bete beharreko distantziak adinaren —hau da, kategoriaren— arabera banatu ziren.
Horrela ba, estreinako edizio honetako nagusienek —2008-2009 urteetan jaiotakoek— goizeko hamarretan ekin behar izan zioten lanari, bizikletan 3.000 metro, korrika 750 metro eta igerian 150 metro eginda. Laugarren eta azken kategoriako kirolariek berriz, 2014-2015 urteetan jaiotakoek, 12:00etan bizikletaz 700 metro, korrika 200 metro eta igerian 20 metro bete behar izan zituzten.
Guztira 132 gaztetxok hartu zuen parte, eta datorren urtean bigarren edizioari ekiteko gogotsu daudela aitortu diote Triathlon Galdakao taldeko kideek Binkeri. Lehenengo edizio honekin gainera pozik agertu dira antolatzaileak, «alkatearen eta Kirol zinegotziaren presentziaz gain, Judit Koraxan triatleta profesionalaren eta Espainiako distantzia luzeko egungo txapeldunaren parte hartzea be izan gendulako».
Hemen batu ditu Binkek Edu Campo argazkilariaren zenbait argazki: