Lertxundiren eta Goazenen saioetarako sarrera gehiago jarriko dira salgai
Kultura
BINKE / 2022ko otsaila
Lertxundiren eta Goazenen saioetarako sarrera gehiago jarriko dira salgai
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Artisten sareetatik
Benito Lertxundiren eta Goazen telesailaren kontzertuek sarrera guztiak agortu zituzten, pandemiaren aurreko egungo murrizketek areto itxietako edukierak %60koa izan behar zuela kontutan hartuta. Astelehenetik aurrera ordea, murrizketa guztiak kenduta, saio guztietarako sarrera gehiago jarriko dira salgai. Hemen azaldu dizugu zenbat gehiago salduko diren eta zelan izan zaitezkeen sarrerak erosten lehena.
Pandemiari aurre egiteko indarrean dauden azken murrizketen ondorioz, areto itxietako gehienezko edukiera %60koa izan da. Eusko Jaurlaritzak ordea, datorren astelehenean murrizketa guztiak bertan behera utziko dituela iragarri zuten atzo, otsailak 10, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.
Ez ordutegi mugarik, ez tabernetan gehienez hamarnaka eseri beharrik, ez edukiera murrizturik. Horrek, hortaz, eragina izango du Torrezabal Kultur Etxeko programazioan ere. Beraz, kultur etxe galdakoztarreko ikuskizunen batera joateko sarrera barik geratu zirenek aukera izango dute datorren astelehenetik —neurria indarrean jarriko den unetik— aurrera sarrerak erosteko.
Maiatzera bitarteko Torrezabaleko egitarauan Benito Lertxundiren eta Goazen telesailaren kontzertuak izan dira sarrera guztiak agortu dituztenak. Baina aforoa %100era igoko denez, beste 172 sarrera jarriko dira salgai otsailaren 26an oriotarraren ikuskizunaz gozatzeko eta beste 344 sarrera apirilaren 2an Goazenen saioak ikusteko —saio bi eskainiko dituztelako, 17:00etan eta 19:00etan—.
Sarrerak Torrezabaleko sarreran dagoen totemetik erosi ahal izango dira, kultur etxea irekita dagoen tartean, edo Udalaren plataformatik edozein ordutan asteleheneko gaueko 00:01 minututik —domekatik astelehenera bitarteko gauerditik—.
Kultur etxean programatutako ekitaldi guztien berri zerrenda bakarrean batu zuen Binkek urtarrilaren 12an, baita egitaraua bera PDF formatuan deskargatzeko aukera ere.