Libe Goitia galdakoztarrak ‘Fast Fatum’ poema liburua argitaratu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Maialen Andres / Foku
Libe Goitia galdakoztarrak ‘Fast Fatum’ bere lehen poema liburua argitaratu du eta atzo aurkeztu zuen Donostiako Konstituzio plazako liburutegian. Susa argitaletxearekin kaleratutako bilduman «auzo baserritar batetik bizitza urbanoago batera igarotzeak suposatzen duen prozesuaren inguruan» aritzen da idazlea.
Libe Goitia idazle galdakoztarrak txikia zela Errusiatik Galdakaora etorri, bertan hezi, eta nerabe zela izan zuen lehen harremana poesiarekin, Binkeri aitortu zion moduan. Orain ‘Fast Fatum’ bere lehen poema liburua argitaratu du, Susa argitaletxearekin, eta atzo aurkezpena egin zuen Donostiako Konstituzio plazako liburutegian, Leire Lopez Susako editorearekin batera.
Galdakoztarrak Binkeri azaldu dionez, «ez dira poema solteak bakarrik, liburu bat da bere osotasunean, bere estruktura eta atalekin ondo zehaztuta». Guztira 45 poema biltzen ditu ‘Fast Fatum’-ek, «auzo baserritar batetik bizitza urbanoago batera igarotzeak suposatzen duen prozesuaren» ingurukoak.
Liburua Susarekin argitaratu du «poema hauek ahazturan ez jausteko» eta jada salgai dago liburudendetan 14 euroko prezioan.
Edukiaz gain, liburuaren azala berezia dela azpimarratu du Goitiak: «Iosune Goñik egin du. Bere lanetik ere baduenez liburuak, uste dut bera ere aipatu behar dugula».